Euskara eta Euskal Kultura
Euskara, Donostiaren bihotzean
Donostian bi hizkuntza dira ofizialak: euskara eta gaztelania. Euskara, hain zuzen, Mendebaldeko Pirinioen bi aldeetan hitz egiten da, hau da, Frantzia eta Espainiar estatuko hainbat lurraldetan. Eta leku berezia du donostiarren bihotzetan.
Zergatik da hain berezia?
Hasteko, Europako hizkuntzarik zaharrena da. Bere jatorria ezezaguna da oraindik, baita ikertzaileentzat ere.
Genetikoki isolatutako hizkuntza dela diote, ahaiderik aurkitu ez zaion hizkuntza bakarrenetakoa baita. Duela 3.000 urte hizkuntza ez indoeuroparrak zituen alboan, baina migrazio mugimenduen eraginez, hizkuntza hauek desagertzen joan ziren pixkanaka eta Kristo aurretiko lehen milurterako hizkuntza indoeuroparrak (germaniarrak, erromantzeak, eslaviarrak…) nagusitu ziren ia Europa osoan.
Baina euskarak bizirik iraun zuen… gaur egunera arte!
Gaur egun 1.000.000 lagunek hitz egiten dute euskara, eta beste 500.000 inguruk ulertzen dute. Hain zuzen, Gipuzkoa da elebidun kopuru handiena duen lurraldea: gipuzkoarren %57,37 euskal hiztuna da eta beste %15,90k ulertu egiten du.
Donostia, berriz, Gipuzkoan elebidun kopuru handiena duen udalerria da: donostiarren ia erdiak euskaraz dakite (%46,01) eta beste bosten batek ulertu egiten du (% 19,72).
Euskarak 300.000 hiztunetik gora irabazi ditu azken hamarkadetan
Gizartean historikoki erabiltzen ez zen edo debekatuta zituen eremuetan tokia hartzen joan da pixkanaka euskara: administrazioan, irakaskuntzan, hedabideetan… Eta euskararen berreskuratze-prozesua erreferentzia da nazioarteko beste hizkuntza askoren biziberritze-prozesuetan, Euskadiko Autonomia Erkidegoan euskarak lege babesa, hizkuntza politika eta herritarren borondatea izan dituelako alde azken berrogei urteetan.
Eta zuk, ikusi edo entzun duzu euskara Donostiako kaleetan? Karteletan, donostiarren elkarrizketetan...
Euskara ikasten hasi nahi baduzu, hemen duzu EUSKARAREN HIZTEGI TXIKIA!
Euskaraz agurtzeko, eskerrak emateko, establezimenduetan eskatzeko… balioko dizu! Baita donostiarren bihotzetara iristeko ere.
1. euskal hitza, sorioneku
2021ean, duela 2.000 urte baino gehiagoko brontzezko esku bat aurkitu zuten Irulegiko aztarnategian eta euskaraz idatzitako lehenengo hitz hau zeraman idatzita: SORIONEKU. Zorioneko esan nahi du. Ez da kasualitatea gure hizkuntzan idatzitako lehen hitzak ez aipatzea ezer materialik, sentimendu bat, emozio bat baizik. Agian, gure arbasoek bazekiten garrantzitsuena ez direla gauza materialak, eragiten duten sentimendua baizik. Eta zu, nola sentiarazten zaitu Donostiak?
Euskal kultura, bizitzeko, amesteko
BERTSOLARITZA, inprobisazioaren artea
Bertsolaritza da euskal kulturaren diziplinarik berezienetako bat. Bertsotan egitea, kantatutako bertso bat bat-batean asmatzea da, finkatutako errima jarraituz eta doinu zehatzetan oinarrituta. Horretarako, bertsolariek irudimen, ahozko trebetasun eta buru-bizkortasun handia behar dute! Gaur egun, lurralde osoan antolatzen dira bertsolari-txapelketak eta bertsolaritza-eskolak daude.
EUSKAL LITERATURA, mundua idazteko
Hastapenetan eliz munduari eta erlijio-hezkuntzari lotuta egon bazen ere, XIX. mendetik aurrera euskarazko literaturak bestelako norabide bat hartu zuen, eta nobela bezalako generoei ongietorria eman zien. Gaur egun, euskal literaturak mundua idazten du; euskal letrak bizirik daude, eta ez dituzte mugak aintzat hartzen.
EUSKAL DANTZAK, tradizioa bizirik
Dantzak garrantzi handia izan du Euskal Herriko gizarte- eta erlijio-bizitzan. Egun herri-jaietan dantzatzen diren dantza askok 400 urte baino gehiagoko etengabeko historia dute! Dantza zaletasuna eta kulturarekiko atxikimendua lagun, euskaldunek lan handia egin dute tradiziozko dantza errepertorio aberats eta ikusgarriak iraun zezan.
EUSKAL MUSIKA, estilo guztietan
Euskal kantagintzaren ezaugarri nagusietako bat, ia edozein estilo euskaraz entzuteko aukera dagoela. Azken hamarkadetan gure folk, pop eta rock musikak ia denetarako balio izan du: lirikarako zein aldarrikapen sozial eta politikoetarako, olgetarako zein engaiamendurako, tradizio zaharren berreskurapenerako zein berrien sorrerarako… Badira, halaber, hainbat euskal instrumentu tradizional, besteak beste, alboka, trikitia, panderoa, dultzaina, txalaparta...
EUSKAL ZINEMA, nazioartean erreferente
Euskal industria zinematografikoaren garapena berantiarra eta xumea izan zen, izan ere, XX. mendeko 30eko hamarkadara arte ez zen filmatu espiritu nazionalista kontziente eta autentikoa zuen lehen lana. Baina gaur egun, euskal zinemagintzak ospea eta izena lortu ditu, baita atzerrian ere, eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldian sektoreko topagune garrantzitsuenetako bat bihurtu da.
HERRI-KIROLAK, landatik plazara
Euskal Herriko landa-inguruneko lan-jardunetan oinarritutako kirolak dira. Urteen poderioz, auzokideen artean trebeagoa nor zen ikusteko norgehiagoken bidez sortu ziren. Esate baterako, enborrak mozteko jardueran oinarrituta, aizkolarien kirola sortu zen; eraikuntzarako harri handiak mugitzeko jardueran oinarrituta, harri-jasotzaile kirola eta idi-probak; pilota, estropadak…
Gehiago jakin nahi duzu?