Kantujira, kaleak kantuz pozteko

Euskal Herrian, betidanik izan dugu familian edo lagunartean kantatzeko ohitura. Bazkal edo afalosteak euskal abestiekin alaitzekoa, musika-tresnez lagunduta edota ahots hutsez.

2003. urtean, Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean, kanturako zaletasuna zuten hainbat donostiar batu eta protesta modura kantaldi herrikoiak antolatu zituzten Parte Zaharreko kaleetan. Ekimenak izandako arrakastak eraginda, aldian-aldian elkartzen hasi ziren, eta horrela sortu zen Kantu Jira izenez ezagutzen dugun ohitura, eta Donostian ez ezik, Euskal Herriko hainbat txokoetara hedatu zena.

Donostian, hileko hirugarren larunbatean, eguerdiko 12:00etan, Fermin Calbeton kaleko Elkar liburu-dendaren aurrean izan ohi da hitzordua. Bertan hasi eta, ordu eta erdiz, euskal abestien doinuek Donostiako Parte Zaharreko kaleak betetzen dituzte, tabernaz taberna eta kalez kale.

Ez da kontzertu antolatu bat, ezta ikuskizun formala ere: kalea bera da eszenatokia, eta parte hartzeko gonbidapena zabalik dago edonorentzat. Nahikoa da abesteko edo entzuteko gogoa izatea; kantu-liburuxkaren eta melodiaren laguntzaz, erraz egingo duzu bat taldearekin.

Kantatzeko ohitura berreskuratzea, euskal kantagintza ondare gisa zabaltzea eta, kantuen bidez, gure kultura, nortasuna, ohiturak eta historia ezagutzera ematea du helburu. Horrez gain, euskararen erabilera sustatzea eta belaunaldien arteko kultur transmisioa indartzea.

Aspaldiko abestiak ederki esaten baitu: «Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko».

X