Itsas Hiria ibilbidea

Donostiarra

"Kaixo! Maddi naiz. 19 urte ditut eta Donostiako Parte Zaharrekoa naiz. Txikitatik harreman handia izan dut itsasoarekin. Nire familia kaian bizi da; egunero ikusten dut itsasoa etxeko leihotik. Nire oroitzapenek lotura handia dute itsasoarekin."

Itsasoari begira sortutako hiria

Amona saregilea zen kaian; aitona, berriz, arrantzalea; gurasoekin euren jatetxerako arrain freskoa erostera joaten nintzen; eta udak portuan pasatu ditut lagunekin jolasean.

Orain itsasoa hobeto ezagutzen dut arraunean hasi nintzenetik. Donostiako itsas istorioak kontatuko dizkizuet. Bazenekiten Donostia hiri kortsarioa izan zela? Eta garai batean hiri harresitua izan zela? Jai garrantzitsuen jatorria ezagutuko dugu, marinelen eta sagardoaren arteko lotura, eta hiriaren berpiztea 1813ko suntsiketaren ondoren, besteak beste.

Etorri nirekin eta elkarrekin murgilduko gara abentura honetan!

Distantzia

Icono distancia 6Km

Geldialdiak

Icono localización 8

Denbora

Icono tiempo andando 1h 15m
  • Ilustrazioa Konstituzio plaza
  • Konstituzio Plazaren ikuspegi orokorra
  • Jaitsiera Konstituzio plazan
  • Talogileak Konstituzio plazan
  • Euskal herri-kirolak. Aizkolariak Konstituzio plazan. 1932ko iraila1932 / Kutxateka / Martín Ricardo
  • Euskal folklorea. Dantzak Konstituzio plazan1931 / Kutxateka / Marín, Pascual
  • Grabatua. Zezen plaza Konstituzio plazan1845 / Kutxateka / Marín, Pascual

1. Konstituzio plaza

XIX. mendearen erdira arte, hiri osoa gaur egungo Parte Zaharra zen, eta Konstituzio plazan ospatzen ziren festak. Egun ere hiriko jai garrantzitsuenean gune neuralgikoa da: urtarrilaren 20an, San Sebastian egunean, hemen bertan egiten dira ekitaldi nagusiak, eta 24 orduko festan, jaiaren erritmoa markatzen duen danbor burrunbak ez du etenik. Irailean Euskal Jaiak ospatzen dira; iraileko lehen larunbatean Sagardo Eguna ospatzen dugu, eta hainbat sagardogileren zukua dastatzeko aukera izan ohi da. Ternuako lur urrunetara bakailaoa eta baleak harrapatzera abiatzen ziren euskal itsas espedizioentzat sagardoa oso edari preziatua zen, honen kontsumoari esker arrantzaleek ez baitzuten eskorbuto gaitza pairatzen, edariak duen C bitaminarengatik. XIX. mendean, Parte Zaharreko etxeetako sotoetan sagardoa egiten zen. Auzotarrak elkartzeko lekuak ziren, eta ikerlarien esanetan, lehenengo gastronomia elkarteen jatorria izan ziren.

Abenduaren 21ean, San Tomas egunean, azoka handi bat bihurtzen da plaza. Garai batean, baserritarrek euren produktu onenak ekarri ohi zituzten plazara. Oinez, zaldi-karroekin eta astoekin iritsi ohi ziren. Gipuzkoako herrietan garraioa hobetu zenean, feria ez zen hain beharrezkoa, baina baserritarrek eutsi egin zioten San Tomas egunean Donostiara etortzeko ohiturari. Eta gaur arte iraun du. Ohikoa da txistorra postuak jartzea, eta baserritarren jantzi tradizionalekin janztea.

Parte Zaharraren bihotzean dago plaza, hiru etxebizitza solairu daude, zenbakidun balkoiekin. Izan ere, garai batean zezen plaza izan zen. 1813ko erasoaren aurretik, eraikin barroko bat zegoen plazan, eta haren hutsunea betetzeko, udaletxearen proiektua egin zuten. 1947an Alderdi Ederreko eraikinera aldatu zuten udaletxea, eta, ondorioz, urte gutxira, Udal Liburutegia ezarri zuten Konstituzio plazan. Hain zuzen, eraikin honen aldamenetik pasata aterako gara San Jeronimo kalera, eta eskuinerantz jarraituko dugu, abuztuaren 31 kaleraino. Kale honetatik eskuinera jarraituz iritsiko gara Kañoietan plazara, eta hemen ikusiko dugu Santa Korda.

Rutas top

1
Ilustración Plaza de la Constitución

1 Konstituzio plaza

  • Ilustrazioa Santa Corda eta San Telmo
  • Eskultura 31 de Agosto kalea - Santa Corda
  • San Telmo Museoa
  • Santa Corda pintxoak
  • Santa Corda1963 / SanTelmo Museoa / F-002080
  • Santa CordaSiglo XX / San Telmo Museoa / F-002325
  • Zuloaga plaza eraberritu aurretik. San Telmo Museoa1949 / Kutxateka / Marí, Paco

2. Santa Corda eta San Telmo

Hiriko kale zaharrenetakoa da, eta estuenetakoa. Toki honetan irudikatu dezakegu nolakoa zen Parte Zaharra 1813ko suntsiketara arte. Hiri zaharraren adibide gisa gelditu zaigun kale bakarra da. Santa Korda kaleko atea komentuko sarbideetako bat zen eta hemendik sartzen ziren donostiarrak elizara. XVI. mendean eraikitako komentu domingotarra San Telmo museoa da egun, eta Santa Korda museoaren parte da. 1902an inauguratu zuten museoa, Euskal Herriko museorik zaharrena da.

Alboan dago nire gurasoen jatetxea. Ibilbidea hasi dugunetik nabarituko zenuten moduan, gastronomiak pisu handia du hirian. Parte Zaharreko jatetxe eta tabernetan kozinatzen diren pintxo eta plater goxoak ezagunak dira mundu osoan; gastronomiazaleen paradisua dira. Pintxoa da Donostiako gastronomiaren ikurra, eta Parte Zaharra da pintxo taberna gehien dituen auzoa.

Rutas top

2
Ilustración Santa Corda y San Telmo

2 Santa Corda eta San Telmo

  • Ilustrazioa Santa Maria eliza
  • Santa Maria elizaren aurrealdea
  • Santa Maria elizaren aurrealdea - Xehetasunak
  • Donostiako portuaren ikuspegia
  • 1948an Donostiako kaian egindako kanabera bidezko arrantza lehiaketa1948 / Kutxateka / Martín, Vicente
  • Jendea Santa Maria basilikaren irteeran1933 / Kutxateka / Martín Ricardo
  • Koruko Andre Mariaren basilika (portada nagusia). Alfred Hitchcock (Vertigo/De los muertos [Sail Ofiziala] filmaren zuzendaria eta ekoizlea)1958 / Kutxateka / Foto Marín
  • Santa Maria eliza aldarea1949 / Kutxateka / Marí, Paco

3. Santa Maria eliza

Abuztuaren 31 kalera bueltatuko gara. Kalearen eskuin muturrean, kaira bidean, Santa Maria eliza dago, ezkerretara San Bizente. Bi eliza hauekin lotuta, auzoan bi ezizen erabiltzen hasi ziren aspaldi. Hala, San Bizente elizaren inguruan jaio edo bizi direnak koxkeroak dira -eraikineko paretan zeuden koska batzuei egiten omen die erreferentzia-; eta Santa Maria elizaren inguruan jaio edo bizi direnak joxemaritarrak dira. Ezizen hori aipatzen da San Sebastian martxaren hitzetan, eta hiriko jatetxeetako menuetan “Legatza koxkero erara” irakurtzen baduzu... orain badakizu zergatik!

Santa Mariako atarira joango gara, eraikin honek itsasoarekin duen lotura ezagutzeko. 1774an inauguratu zuten eliza, eta itsas merkataritzari esker irabazitako diruarekin ordaindu zuen Caracasko Errege Konpainiak. Konpainiak garrantzia handia izan zuen Gipuzkoaren garapen ekonomikoan, eta eragin berezia izan zuen Donostian XVIII. mendean. Amerikatik iristen ziren produkturik garrantzitsuenak, tabakoa, larrua, kotoia eta kafeaz gain, kakaoa eta pinolea ziren, hauek, azukrearekin batera, txokolatea egiteko erabiltzen ziren. Horrela, txokolatearen inguruan luxuzko industria garrantzitsu bat sortu zuten Donostian. Santa Maria Eliza Venezuelako kakaoarekin eraiki zela esan dezakegu, beraz. Konpainiak Amerikara iltzeak, aingurak, armak, eta tresna militarrak eramaten zituen eta kakaoa ekartzen zuen bueltan; plantazio horietan Afrikatik eramandako esklaboek egiten zuten lan.

Elizaren ondoan dauden eskailerak igotzen baditugu Urgull mendira igotzeko aukera izango dugu. Han hiriaren ikuspegi zoragarria dago; bere garaian, hiria defendatzeko leku estrategikoa izan zen.

Santa Mariatik kai aldera joko dugu, eta paseoan joango gara Aquariumera iritsi arte.

Rutas top

3
Ilustración Iglesia de Santa María

3 Santa Maria eliza

  • Ilustrazioa Aquariuma
  • Aquariumaren ikuspegia portutik
  • Aquarium eskeletoa
  • Estropadak
  • Donostia Piratak Abordatzera
  • Arrauna. Kontxako badiako traineru estropadak. Jendea Pasealeku Berritik estropadak ikusten1940 / Kutxateka / Marín, Pascual
  • Aquariumeko eraikuntzaren bista orokorra1929 / Kutxateka / Martín Ricardo
  • Donostia. Aquariuma. Barrualdea1940 / Kutxateka / Marín, Pascual

4. Aquariuma

Urteetan zehar, euskal kostaldean harrapatutako balea baten hezurdura ikusgarria izan da Aquarium itsas jauregiaren ikurra. Donostiaren historia ezin da ulertu balearen arrantzan sakondu gabe. Balearen ehizak aberastasun handia ekarri zion hiriari eta Gipuzkoa osoari: balearen olioa ekoiztea zen helburua, eta olio horrek sekulako garrantzia zeukan erregai gisa erabiltzen zelako. Garai hartan erregairik onena zen, batetik, asko argiztatzen zuelako, eta, bestetik, garbia zelako eta ez zuelako kiratsik botatzen.

Aquariumaren aurrean dagoen arrapala festarako eta hiriko agendako egun handien agertoki bihurtu ohi da. Hemen egiten ohi zaie harrera estropadetan parte hartzen duten traineruei. Ia herri kirol guztiak bezala, estropadak ere garai bateko lanean oinarritzen dira. Traineruen arteko lasterketa bat da, eta arrantza da jatorria. Milaka zale erakarri ohi ditu. Ikuskizun ederra da!

Aste Nagusian Donostiako Piratek antolatzen duten ekitaldi jendetsuenetako bat hartzen du arrapalak: abordatzea. Mugimenduaren ikurra Ezkila kapitaina da. Donostiako iragan kortsarioan arakatuz, “Campanario” ezizena zuen XVI. mendeko Pedro de Agirre kortsario donostiarra ezagutu zuten, eta hari hartu zioten izena. 2003an egin zuten lehen abordatzea, herritarrek euren kabuz muntatutako baltsekin. Ehunka herritarrek egin dute bat jai alternatiboarekin. Arrapalatik abiatu, eta Kontxa abordatu ohi dute urtero.

Rutas top

4
Ilustración Aquarium

4 Aquariuma

  • Ilustrazioa Euskal Itsas Museoa
  • Euskal Itsas Museoaren aurrealdea
  • Euskal Itsas Museoaren barrualdea
  • Jokoak eta lehiaketak Donostiako portuan. Pertsona taldea itsasontzi txikietan eta publikoa Kaiko pasealekuan, jaiak ospatzen ari diren bitartean1943 / Kutxateka / Marín, Pascual
  • Saregileak kaian sareak konpontzen1976 / Kutxateka
  • Euskal Itsas Museoa, argazki zaharraEuskal Itsas Museoa / Gipuzkoako Foru Aldundia / Donostia

5. Euskal Itsas Museoa

Euskal Herriko itsas historian erreferentziazko museoa da. 1991. urtean inauguratua, jatorria XVIII. mendearen erdialdean portuan eraiki zuten Donostiako Kontsulatuko eraikinean du, portuko mugimenduak eta kaia kudeatzeko balio zuena. Rol garrantzitsua jokatu zuen Caracasko Errege Konpainiaren garapenean, eta baita bakailaoaren eta balearen inguruan sortutako industriaren bultzadan ere.

Donostiako kaiko pasealekuan gaude, eta etxean kontatu izan didate garai batean La Jarana auzoa deitzen ziotela pasealekuari. Hiriko harresietatik kanpo geratzen zen gune hau, eta marinelak gauez iristen baziren, itsasoko harresiko atea itxita egoten zen. Horregatik, harresiaren kanpoaldean zeuden taberna eta ostatuetan geratzen ziren. Festa giroa ohikoa omen zen harresien bestaldean. Arrantzale, marinel eta arraunlarien harrobia izan da portua. Hain zuzen ere, auzoko jaiak uztailaren 16aren bueltan ospatzen dira, arrantzaleen egunarekin bat eginez.

Ibilbidean egingo ditugun hurrengo hiru geldialdiak Parte Zaharretik kanpo egingo ditugu. Ikusiko duzue hauek ere itsasoarekin eta Parte Zaharrarekin lotura estua dutela.

Rutas top

5
Ilustrazioa Euskal Itsas Museoa

5 Euskal Itsas Museoa

  • Ilustrazioa Aldundia
  • Aldundiaren egungo argazkia
  • Donostia. Diputazioa eta Gipuzkoa plaza1925 / Kutxateka / Martín, Ricardo
  • Aldundia, sarrera1920 / Kutxateka / Marín, Pascual
  • Diputazioaren edo udalaren barrualdea1924 / Kutxateka / Martín Ricardo

6. Aldundia

Kaiko pasealekutik udaletxerantz abiatuko gara. Handik Hernani kaletik Peñaflorida kalera, Gipuzkoa plazara iritsi arte. Hemen egingo dugu hurrengo geldialdia, Gipuzkoako Aldundiaren egoitzaren aurrean, eta fatxadako goiko parteari erreparatuko diogu. Begirada zorroztuz gero, konturatuko gara bost busto zuri daudela. Nortzuk dira?

Gipuzkoako bost itsasgizon eta esploratzaile: Andres Urdaneta –Filipinetatik Mexikoranzko itzulbidaia aurkitu eta dokumentatu zuena–, Juan Sebastian Elkano –munduari bira osoa eman ziona-, Blas de Lezo – Espainiako Itsas Armadako buruzagia-, Antonio Okendo Zandategi –Miguel Okendo almirantearen semea- eta Miguel Lopez Legazpi –Filipinetako Manila hiriaren fundatzailea –.

Haien gainean ikusiko dugu Gipuzkoako armarria. Gipuzkoako bost itsasgizonek Espainiako koroaren zerbitzura lan egin zuten, militar, itsasgizon, idazkari edota eskribau gisa.

Rutas top

6
Ilustrazioa Aldundia

6 Aldundia

  • Ilustrazioa Okendotarren etxea
  • Okendotarren etxearen fatxada
  • Okendotarren etxetik ikuspegiak
  • Okendo kultur etxea. Nafarroa etorbideko gasolindegia. Manteoko San Antonio Abad Ospitale Zibila. Ikuspegi orokorra1950 / Kutxateka / Marí, Paco
  • Okendo kultur etxea1941 / Kutxateka / Marín, Pascual
  • Etxe baten barrualdea1950 / Kutxateka / Marí, Paco

7. Okendotarren etxea

Gros auzorantz goaz. Zehazki, Ulia mendiaren magalera. Zemoria kalean, gaur egungo Saguesen, XVI. mendeko jauregi bat topatuko dugu: Okendotarren etxea. Egun, eraikin historiko hau auzoko Okendo kultur etxearen parte bat da.

Okendotarrak Donostiaren historiako familia garrantzitsuenetako bat izan ziren XVI. eta XVII. mendeetan. 1588an Armada Garaitezina gidatu zuen jeneraletako bat izan zen Miguel Okendo. Sekulako porrota izan zen Ingalaterrari eraso egiteko espedizio hura, eta hainbat marinel donostiar hil ziren.

Hemendik gertu, Uliako basoan gora eginez gero, Baleazalearen talaiarekin egingo dugu topo. Erdi Aroan, Donostiako arrantzaleek baleak eta bakailaoak arrantzatzen zituzten, eta zetazeoen gantza eta bizarrak erabiltzen zituzten tresnak egiteko. Itsasertz ederraz gozatzeko parada izango dugu Uliako itsaslabarretara joaterakoan, hamaika bide aurkituko ditugu Uliako magaletan galdu eta naturagune ikusgarriari begiratzeko. Ibilbidea amaitzera goaz, eta azken geldialdia Kontxa pasealekuan egingo dugu, Berrehungarren Urteurrenaren balkoian.

Rutas top

7
Ilustrazioa Okendotarren etxea

7 Okendotarren etxea

  • Ilustrazioa Berrehungarren Urteurrenaren balkoia
  • Berrehungarren Urteurrenaren balkoia
  • Emakume baten eskultura - Santa Corda
  • Badiaren irudiak Mirakontxatik eta Kontxako pasealekuko begiratokitikKutxateka / Arturo Delgado Martínez
  • Miraconcha pasealekua Miramar jauregiaren inguruanKutxateka / Arturo Delgado Martínez
  • Mamelena 3 itsasontzia Kontxako hondartzan hondoratuta1924 / Kutxateka / Marín, Pascual

8. Berrehungarren Urteurrenaren balkoia

Donostiako historiaren gertaerarik gogorrenenetako bat gogoratuko dugu hemen. Kontxako badiaren eta Parte Zaharraren ikuspegi ederra daukagu gure aurrean, baina 1813ko abuztuaren 31n sua, kanoikadak eta kea besterik ez zen ikusiko. Hiria Napoleonen frantses soldaduen esku zegoen. Bi hilabeteko setioaren ondoren, soldadu ingeles eta portugaldarrek hiri harresituan sartzea lortu zuten. Frantsesak kanporatu zituzten, baina mendeku gosez hiria arpilatu eta txikitu egin zuten. Gaur ezagutzen dugun hiria orduko Donostiaren errautsen gainean eraikia dago.

Sarraski eta hondamendi izugarria izan zen. Soldaduak herritarren etxeetan sartu ziren indarrez, etxeak erre, lapurretak egin, emakumeak bortxatu eta mila herritar inguru hil zituzten… eta bizirik iraun zutenek gorriak pasa zituzten aurrera egin ahal izateko, baina lortu zuten. Hain zuzen, hiria berreraiki zutenen omenezko eskultura bat daukagu Parte Zaharreko Kañoietan plazan: donostiarrek erakutsi zuten adorearen ikur bihurtu da; adreiluz adreilu hiria berreraikitzeko prest dagoen emakume baten eskulturak gogoratzen du egun beltz hura.

Rutas top

8
Ilustración El Balcón del Bicentenario

8 Berrehungarren Urteurrenaren balkoia

Ibilbide berdeak irisgarriak eta interaktiboak

Unión Europea Gobierno España Plan de recuperación Gobierno Vasco
X