Donostia, hiri bat: artea sentitzeko hiru modu

Artista bakoitzak bere lengoaia dauka, bere pultsua, bere behatzeko modu propioa. Baina artistak inguratzen dituen hiria Donostia denean, halabeharrez, begirada hori itsasoan murgiltzen da, lainoan, arkitektura isilean eta basoetako xuxurla berdean.

Hiru estilo. Hiru ahots. Eszenatoki bera: baimenik gabe inspiratzen zaituen Donostia, marra bakoitzean, irudi bakoitzean eta istorio bakoitzean islatzen dena. Izan ere, hiri hau, behatzeaz gain, bizi eta behin eta berriro asmatzen da sormenez betetako begiez begiratzen duten horien bitartez.

Koloreka: Baretasuna arte bihurtua

Donostiako Alde Zaharreko bihotzean dago Koloreka, saltoki bat baino askoz ere gehiago: Nerea Urrestarazu artistaren eskutik jaiotako bake eta sormenezko txokoa. Nerearen obrak —lasaitasunez, kolore suabeez eta birritan begiratzera gonbidatzen zaituzten xehetasunez betea— bertakoengana zein bisitariengana iristea lortu du. Baina nola jaio zen proiektua? Zerk inspiratzen du? Zerk egiten du desberdin?

koloreka baretasuna arte bihurtua

“Blokeatuta bazaude, beldur seinalea da. Aurrera jarraitzea da gakoa. Egitea, tronpatzea, berriz egitea. Eskuak zikintzea. Ez dago lasterbiderik: sormena arituz pizten da.”
 
Nerea

 

Lehen postu bat, hasiera bikain bat

2011n hasi zen dena, Nereak Gipuzkoako artisten elkarteak antolatzen duen hileroko merkatuan lehenengoz parte hartu zuenean, Donostiako Bulevarrean. “Postu txiki batekin hasi ginen, baina gogotsu”, ekartzen du gogora. Hasierako txinparta hori, denborarekin, Koloreka bihurtu zen: denda bat, lantegi bat eta mundua ikusteko modu paregabe hori partekatzeko espazio bat, alegia.

Kolorekaren atzean dagoen filosofia

Nerearentzat, Koloreka premia sakon baten emaitza da: baretasuna transmititzea. Sortzen duen irudi bakoitzak bakea eta baretasuna ekartzea du helburu. “Lasaitasuna ematen duten irudiak sortzea maite dut. Gelditzeko, arnas hartzeko eta begiratzeko aukera ematen dizutenak”. Bere arteak ez du oihu egiten; xuxurlatzen dizu. Eta hori da bere magiaren sekretua.

Donostia, inspirazio iturri

Donostia ez da bakarrik bere bizitokia eta bere dendaren kokalekua: etengabeko musa bat da. Hiria, zuzenki edo zeharka, bere lanetan dago beti. “Bizikletaz paseoan ibiltzea, hiria behatzea, teilatuei so egitea, atariei, itsasoari... Horrek guztiak inspiratzen nau. Eta modu naturalean gertatzen da, bilatu gabe”.

Donostiatik gehien maite duena zer den galdetzen zaionean, ez du zalantzarik: “Itsasoa. Ez naiz jabetzen zenbateraino gustatzen zaidan norbaitek ohartarazten didan arte. Itsasoa airean dago, geure parte bat balitz bezala”. Zuhaitzak, arkitektura, eguneroko bizitza, batez ere neguko egun arruntetan, inspirazio iturria dira ere niretzat. “Hiria lasai dagoenean askoz ere gehiago gozatzen dut”.

koloreka ilustrazioak

Sormen prozesua: behatzea, hautatzea, eskuak zikintzea

Gehiago margotzea eta ordenagailuan gutxiago ibiltzea gustatuko litzaiokeela aitortu arren, Nerea sormen prozesu osoan inplikatzen da. Irudiak hartzen ditu abiapuntu, sarritan bereak, eta utziko dituen eta kenduko dituen elementuak hautatzen hasten da, nahi duen konposiziora heldu arte.

Eta zer egiten du inspiraziorik gabe gelditzen denean? “Blokeatuta bazaude, beldur seinalea da. Aurrera jarraitzea da gakoa. Egitea, tronpatzea, berriz egitea. Eskuak zikintzea. Ez dago lasterbiderik: sormena arituz pizten da”.

Publiko guztientzako artea

Kolorekan, donostiarrak eta turistak sartzen dira. Bisitariak oroigarri baten bila ibiltzen dira, berekin eramateko edo oparitzeko. Bertakoei, aldiz, tamaina handiagoko lanak interesatzen zaizkie, etxea apaintzeko. “Gure helburua hemengo jendeari ere zer edo zer berezia eskaintzea da, gure lanak beren etxeen parte izan daitezen”.

Etorkizunera begira: probatzea, arakatzea, entzutea

Nerea argi mintzatzen da etorriko denari buruz: ez du plan itxirik, baina bai jarrera irekia. “Ez dakit zehazki zer egin nahi dudan etorkizunean, baina bai egin nahi ez dudana. Adi egotea da kontua, motibatzen zaituen horri arreta jartzea eta daukazunarekin egin dezakezuna ulertzea”.

Sarritan azkarregi doan mundu honetan, Nerearen arteak eta bere Koloreka proiektuak gelditu, sakonki begiratu eta arnasa hartzeko gonbidapena luzatzen digute. Eguneroko bizitzan —fatxada bat, olatu bat, balkoi bat— edertasun eta baretasun iturria aurkitzeko.

Silvia and the Spyglass: artea eta neurozientzia

Lasaitasunetik intentsitate emozionalera goaz. Silviaren lana ez da begiratzen, sentitu egiten da. Eta ez da hitz egiteko modu bat: Tecnaliarekin batera egin diren bi azterlan neurozientifikok ondorioztatu dute bere obrak gure emozioak eraldatzen dituela.

Silvia and the Spyglass: artea eta neurozientzia

“Pertsona bakoitzak bere historiaren ikuspegitik interpretatzen du artelana, bere “motxila emozionaletik”, eta horrek erantzun paregabeak sortzen ditu.”
 
Silvia

 

Lehenengo azterlana: murgiltze emozionala errealitate birtualean

Duela bi urte, Silviaren artelan ezagunenetako zazpi errealitate birtualeko murgiltze esperientzia bihurtu ziren. Margolanek bizia hartu zuten lau minutuko ikus-entzunezko kontakizun batean, eta Frantzian, Guatemalan edo Arabiar Emirerrietan egon dira erakusgai.

Esperientzia artistiko hori bizitzen zuten bitartean monitorizatu ziren ikus-entzuleak, garuna, taupadak eta izerditzea kontrolatzeko sentsoreekin. Helburua? Arteak egoera emozionalean duen eragina neurtzea.

Eta emaitza ezin argiagoa izan zen: Silviaren arteak gure egoera emozionala aldatzen du. Esperientziara sartzen zirenak aldatuta irteten ziren emozionalki. Pertsona bakoitzak bere historiaren ikuspegitik interpretatzen du artelana, bere “motxila emozionaletik”, eta horrek erantzun paregabeak sortzen ditu.

silvia and the spyglass ilustrazioak

Genero desberdintasunak eta adierazpen emozionala

Interesgarria izan zen generoen arteko aldeak aztertzea: emakumeek modu irekian konektatzen zuten obraren mezu emozionalarekin, baina gizonek, aldiz, “sentitzen zutena kontrolatzeko ahaleginak” aitortu zituzten esperientzia amaitzean. Gizonezkoen zaurgarritasunari buruzko kultura baldintzatzaileen isla argia.

Bigarren azterlana: obra fisikoan mapeatutako emozioak

Bigarren azterlanak are anbizio handiagoa izan zuen. Silviaren 35 margolan aztertu ziren, eta erantzun emozionalak neurtu ziren Robert Plutchiken zortzi oinarrizko emozioen eredua baliatuz.

Emaitza: Silviaren obraren inpaktu emozionalaren % 80 emozio positiboetan kontzentratzen da, hala nola poza, ustekabea, konfiantza eta jakin-mina. Tristura, beldurra edo larritasuna pizten duten lanak ere badiren arren, obraren koherentzia emozionala sakona da.

Artea katalizatzaile emozional gisa

Azterlan hauei esker, zientifikoki neurtu ahal izan da artea ikustean sentitzen dugun hori, eta hori ez da batere ohikoa. Silviak ez digu bidaia bisual bat bakarrik proposatzen, baizik eta mapa emozional bat, non pertsona bakoitzak, bere iragazkiekin, norbere buruaren bertsio desberdina aurkitzen duen. Arte eraldatzailea.

Lance & Malone: tokiko artea arima kaletarrarekin

Kolorekak baretasuna ekartzen digu eta Silviak, emozio sakona; Lance & Malone, berriz, hiriaren taupada dira. Alde Zaharrean duten galeria-lantegitik, espazio berdingabea eraiki dute, eta hor uztartzen dituzte collagea, ilustrazioa, argazkilaritza, pop kultura eta umore grafikoa.

lance malone denda

“Nik kuter batekin eta kola batekin egiten dut lan, hori da dena, hemen ez adimen artifizial eta horrelakorik. ”
 
Lance

 

Nahi gabe jaiotako ideia

Benetakoak diren proiektu ugariren antzera, Lance & Malone inolako planik gabe jaio zen. Lagun batek esan zien lokal bat libre zegoela, eta gehiegi pentsatu gabe, aurrera jo zuten: “Arriskatu ginen”. Zenbait pieza propiorekin hasi ziren, eta, pixkanaka, hormak betetzen joan ziren.

Aparteko estiloak biltzen dituen kolektiboa

Hasiera-hasieratik, Lance & Malonek tokiko artisten aldeko apustua egin zuten, besteak beste, Mikel Casal, Rosco eta Roscow, beren sormenekin batera. Gaur, estudioko bazter guztiak estilo anitzeko artelanez beteta daude, harmonia ezin hobean.

  • Mikel Casal, 50eko hamarkadako estetika duen ilustratzailea, argitalpen editorial klasikoak gogora ekartzen dituzten pertsonaien erretratuengatik da ezaguna.
  • Lance, surf argazkilariak bere irudien artxiboa jartzen du: itsasoaren irudiak, Donostiako hiriarenak eta kaleko argazkilaritza zuri-beltzean, ikuspegi intimo eta pertsonalagoarekin. Konposizio hiritarrekin, joko bisualekin eta elementu surrealistekin konbinatzen dituen hirietako eszenekin ere lan egiten du.
  • Malonek, bere kideak, 3D collageak sortzen ditu: geruzaka eraikitako irudiak, surfaren, skate-aren eta pop kulturaren (Breaking Bad, James Bond, Regreso al futuro, etab.) eragin argiekin.
  • Roscow, estilo nahastezina duen margolari donostiarrak, marra zuzen bakar bat ere ez duten konposizioak sortzen ditu. Trazuaren energiak eta xehetasunen saturazioak bibrarazten ditu bere lanak.
  • Rosco publizista eta collagista digitala euskal produktuen inguruko serie dibertigarri eta oso bisual bati esker egin da ezaguna: txistorra, zuritoa, marianitoa, cheescake-a... umorea, diseinua eta tokiko kultura konbinatzen dituzten piezak.

lance malone ilustrazioak

Donostiarekiko harreman naturala

Donostia, estudioaren kokalekua izateaz gain, beren lanetako askoren pertsonaia ere bada. Hiria, sarritan, duen merkataritza balioarengatik agertu arren —turista askok oroigarri berezi bat bilatzen dute—, Lance & Malonerentzat zer edo zer gehiago da. “Ez gara oroigarri denda bat. Hiriarekin lotura duten artelan txikiak saltzen ditugu”.

Donostia, bere itsasoa, bere mendia eta bere arkitektura, ezin hobe txertatzen dira artista hauen lengoaia bisualean: hiria mihise inspiratzailea da, bai argazkilaritzarako, bai ilustraziorako eta baita collagerako ere.

Eraman ezazu hiriaren zati bat zeurekin

Horra hor Kolorekaren sormena, Silvia & the Spyglassen intentsitate emozionala eta Lance & Maloneren energia hiritarra; orain, murgildu zaitez esperientzia donostiar honetan.

Ez itxaron gehiago eta zatoz hiru unibertso hauek ezagutzera. Donostian, artea bazter guztietan aurkitzen da, airean arnasten da eta benetako grinaz bizitzen da.

Eraman ezazu hiriaren zati bat zeurekin eta, batez ere, utzi iezaiozu artelan bakoitzari zuri buruz buru hitz egiten.

X