Antigua auzoan dastatu behar dituzun pintxoak
- Jan ta edan
- 2025 Aza 09
Donostiak beti harritzen nau! MasterChefetik irten ondoren, hiri honetan sei hilabete eman nituen Basque Culinary Centerren master bat egiteko, baina itzultzen naizen bakoitzean zapore berriak eta izugarri gustatzen zaizkidan pintxoak aurkitzen ditut.
GOe berria (Basque Culinary Center-eko Gastronomy Open Ecosystem) ezagutzeko egin nuen azken bisita hirira. Oraingoan, Antigua auzoan hartu nuen ostatu, eta bi gauza egiteko aprobetxatu nuen: nire lagun Maria Lorekin afaltzeko, Portuetxe erretegian, eta hurrengo egunean pintxo pare bat probatzeko, Antiguako bi lokal enblematikotan. Plazera da auzoko taberna eta jatetxeez gozatzea, oso xarma berezia baitute. Pintxoak asko gustatu zitzaizkidan, beraz, hemen uzten dizkizuet nire gomendioak!
Oliyoseko txanpiñoi pintxoa
Matia kale ospetsuarekin gurutzatzen den beste kale batean dago Oliyos jatetxea. Sartu bezain laster, ongietorria eman zidan Mari Josek, sei hamarkada baino gehiagoko historia duen lokalaren jabeak. Goizeko hamarrak baino ez ziren, eta barra pintxoz beteta zegoen.
— Zer pintxo probatu behar dut, bai ala bai? — galdetu nion zuzenean.
— Gure izarra, txanpiñoi pintxoa saltsan patatekin— erantzun zidan zalantzarik gabe.
Zaporetsua, testura eta saltsa ezin hobearekin, ogia eta xafla formako patata kurruskariak bertan bustitzeko. Zein konbinazio egokia! Pintxo beroa, egin berria eta tradizioaren zapore guztiarekin.
Nola prestatzen zen jakin behar nuen. Mari Josek berarekin sukaldera pasatzera gonbidatu ninduen. Taldeak ni beste bat banintz bezala hartu ninduen eta honela ikusi ahal izan nuen nola prestatzen duten saltsa goxo hori. Baina, batez ere, txanpiñoiak ikusi nituen kazolan, poliki-poliki suaren berora egosten. Zer itxura ona!
— Aizu, nik jakin behar dut zein den pintxo honen sekretua. Kontatuko didazu? — galdetu nion.
Eta orduan ondoko lokala erakutsi zidan, Oliyosen parean. Auzoko denda txiki bat: barazki freskoak, fruta heltze puntu egokian, bertako gaztak, % 100 etxekoak diren txorizoak... eta, nola ez, hor zegoen sekretua: txanpiñoiak, freskoak, handiak eta bertakoak. Garaikoa, hurbilekoa eta kalitate bikaineko produktua.
Orduan ulertu nuen. Pintxoa prestatzeko pausu bakoitza xehetasunez eta maitasunez zainduta zegoen; gainera, produktua bertakoa eta kalitate handikoa zen, egunero auzoko denda batean erosia. Zein garrantzitsua den denda txikien aldeko apustua egiten jarraitzea! Mila esker, Oliyos!

OSAGAIAK
- 3 kg txanpiñoi
- Tipula handi 1
- 3 baratxuri-ale
- Gatz koilarakada 1
- Ardo zuri kopa 1
- Kaiena ehoa
- Zaporedun olioa
PRESTAKETA
- Jarri olioa lapiko batean: tipula, baratxuria (biak txikituta), gatza eta kaiena ehoa gehitu
- Erregosi pixka bat eta bota txanpiñoiak eta ondo erregosi 40 minutuz, txanpiñoiak al dente egon arte.
- Al dente daudenean, bota ardo zuria. Utzi 10 minutu inguru irakiten.
- Pintxoa prestatu baino lehen, berotu etxean egindako saltsa (buztanarekin eta barazkiekin aurrez prestatua) eta gehitu etxean frijitutako patatak.
La Rebotikako Arzak pintxoa
Nire hurrengo geldialdia La Rebotikan izan zen, baina oraingoan garbi neukan zer probatu nahi nuen: Arzak pintxo ospetsua. Laurak, jatetxeko jabeak eta pintxoa asmatu zuenak, etxean bezala hartu ninduen eta pintxo egin berri bat prestatu zidan.
— Moztu erditik eta ikusiko duzu — esan zidan Laurak pintxoa ekarri zidanean. Eta hala egin nuen. Harritu egin ninduen primeran lortutako coulant efektu horrek. Gorringo likidoa erditik erortzen zen urdaiazpikoarekin eta saltsarekin nahasteko... benetako zapore eztanda bat.
Pintxoa zerez egina zegoen jakin nahi izan nuen, eta zein zen bere historia eta izena.
— Bere sorrera nire ideia izan zen, lehiaketa batera aurkezteko. 2019an ‘Pintxo Arzak’ 'lehiaketa irabazi genuen, ‘Arzaken zaporeak hirian zehar bilatzen' ekimenaren barruan. Berarekin, ohiko arrautza frijituak pikillo piperrekin berrinterpretatu nahi genituen.
Eta irabazi zuen! Ikaragarria! Hori gutxi balitz, La Rebotikako sukaldean sartu eta pintxo hori sukaldariarekin batera prestatzeko aukera izan nuen.
— Aizu, Laura, pintxo hau “oso erraza” dela diozu, baina nik sekretua kontatzea behar dut. Nola egiten duzu hain ahogozagarri egon dadin? — galdetu nion.
Eta orduan pintxo honen lehengaia atera zuen: patata eta arrautza. Bi produktuak zero kilometrokoak direla azaldu zidan; baserrikoak, kalitate handikoak eta zapore paregabekoak. “Arrautzak landako oiloenak dira”, argitu zuen. Zalantzarik gabe, produktua bikaina denean, pintxo bat perfekziotik gertuago dago. Eskerrik asko, La Rebotika!

OSAGAIAK
- Patata garratz 1
- Pikillo piper 1
- Landako arrautza-gorringo 1
- Ali Oli saltsa
- Urdaiazpiko serrano txirbilak
PRESTAKETA
- Patata txingarretan bere azalarekin erre, moztu oinarria eta hustu zentimetro bat inguruko ertza utzi arte.
- Gehitu La Rebotika pikillo piper-saltsa eta pikillo piperra.
- Arrautza gorringoa gehitu eta Ali Oli saltsarekin frijitu.
- Azkenik, gehitu urdaiazpiko frijituaren txirbil-kruntxia.
* Zeliakoentzat egokia den pintxoa, kutsadura gurutzaturik ez dagoela bermatuta.

