TOP 5: Pintxoak Egian

carlos-tutti-eus
Carlos de Gil Argazkilaria eta edukien kudeatzailea Tutti Community-n

Ordaindu gabeko zor handi bat geneukan. Alde Zaharra, Erdigunea eta Amara, Gros eta Antigua beren pintxo onenen atzetik ibili ondoren, argi zegoen Donostiako auzorik karismatikoenetako bat bisitatu beharra genuela: Egia, “zorionaren herria” eta askoz ere gehiago azkenaldi honetan…

Kultura eta artearen arloetako erreferentzia bilakatu da Egia, arrazoi askorengatik. Le Bukowski eta Gasteszena bezalako betiko guneek eta Dabadaba edo La Farandula bezalako beste berri batzuek kultur-ekitaldiak eskaintzen dituzte ia egunero. Kontzertu, antzerki eta era guztietako ekitaldiak. Tabakalera kultura garaikidearen zentroa 2015. urtean irekitzeak azken ukitua suposatu zuen.

Baina Egian gustukoen duguna da bere betiko nortasuna, euskal nortasun eta langile kutsu hori berean mantentzea lortu duela auzoak, modan jarri diren beste auzo batzuetan gertatu ez bezala.

Eta, noski, auzoak ez du pausorik galdu eskaintza gastronomikoari dagokionez. Gaurko gure ibilbiderako historia handiko zenbait toki eta apustu berri batzuk aukeratu ditugu, Egiatarrek maisuki uztartzen jakin izan duten atzokoaren eta berriaren arteko nahasketa hori agerian uzteko.

KM0

Ogi airisa biribila, etxeko humus, tomate, mahonesa begano eta falafel bola

egia-km0-pintxo1

Km. 0 Mandasko Dukearen Pasealekuan, Tabakaleraren eraikin bikainaren parean dagoen jatetxe begano-begetarianoa da. Lokal handi eta, aldi berean, erosoa da. Sabaitik zintzilik dauden lanpara ugariek giro atsegin eta lasaia sortzen dute, ezin aproposagoa bazkaldu edo afaltzeko. Sukaldaritza irakasle eta jatetxearen jabe den Iñakik jatetxearen jatorria azaldu digu: “Orain dela lau urte ireki bagenuen ere, orain dela zazpi urte egindako bidaia batean otu zitzaidan ideia. Filosofia beganoa zuen komunitate bat bisitatu nuen eta nahiz eta sendotua ez jendea askoz hobe ateratzen zela ikusi ahal izan nuen. Nik apenas jaten nuen arrainik edo haragirik ordurako eta jauzia eman eta beganismoaren alde egitea erabaki nuen. Eta aukera hori donostiarren esku jartzeko erabakia hurrengo pauso naturala izan zen”.

egia-km0-pintxo2

Bere filosofia erraza eta unibertsala da: jaten ondo ematea. Kartaren eskaintzaren % 95 beganoa denez, harritzekoa suertatzen zaigu “ia produktu guztiak etxekoak direla” jakiteak: “ogiaz beste guztia guk egiten dugu”.

Beren durumetako bat aukeratu dugu: ogi airisa biribila, etxeko humus, tomate, mahonesa begano eta falafel bola bat. Currya hautatu dugu ongailu gisara baina beste aukerak daude ere: bizigarria, garam masala edo ongailurik ez erabiltzea. Mahaikoaren nahierara.

 

Cafetería Atotxa

Onddo-tartaleta urdaiazpiko iberiko eta roquefort-saltsarekin

egia-atotxa-pintxo1

Atotxa izeneko kafetegiak 2003. urtean ireki zituen ateak, etxe duen Kalkutako Teresa plaza amaitu berritan, eta etxeko jakiak eskaintzen ditu giro moderno batean. Plaza horretako beste lokaletan bezalaxe, auzokideak eta hiriko epaitegietako langileak eta bisitariak nahasten dira bere bezeroen artean.

Espero zitekeen bezala, bere kartaren pintxorik nagusiena kafetegiaren izena daramana da: Atotxa pintxoa alegia. Onddo-tartaleta urdaiazpiko iberiko eta roquefort-saltsarekin eta hori guztia ontzeko, porru errea, Modenako ozpina eta piperbeltz-bolatxoak.

egia-atotxa-pintxo2

Itziarrek, zerbitzatu gaituen zerbitzariak beren sukaldaritza “ohikoa” dela badio ere, hartu berri dugun mokadua bikaina, ez ohikoa iruditu zaigu. Osagai arruntak agian, baina bikainki aukeratuta eta uztartuta.

 

Tribuna Norte

Plantxan egindako urdaiazpiko tosta

egia-tribunanorte-pintxo1

Lokalak auzoaren historia omentzen du, 1913. urtetik 1999ra arte Atotxa futbol-zelai mitikoaren ipar tribunak hartzen zuen tokian baitago taberna. Kalkutako Teresa plaza ospetsuaren beste klasikoetako bat da Tribuna Norte. “Uztailaren 23an 15 urte beteko ditugu. Zelaiak utzitako hutsunea bete eta auzo berriari bizia eta eskaintza berri bat emateko xedearekin etorri ginen”, azaldu digu Pepe jatorrak barraz bestaldetik. Beren kartaren eskaintza zabala (tortilla-miniak, hirugiharrez betetako alkatxofa bitxiak edo ganba txikiak, esaterako) azaltzeaz gain, tabernaren ezaugarri nagusienetako bat aipatu digu: “uneoro ematen dugu jaten, ez dugu sukaldea ixten. Eta, horrexegatik, epaitegiko jende asko ugari hartzen dugu: berandu edo otordu normaletatik kanpo ateratzen dira eta hor gaude gu, eskaintza zabaleko aukera ezin hobea”.

egia-tribunanorte-pintxo3

Beren tostetako bat aukeratu dugu. “Plantxan egiten dugu, baratxuri ukitu batekin, kalitate oneneko oliba-olioa eta urdaiazpikoa… zera, ikusi besterik ez dago”.
Egia! Hemen duzue argazkia, esandakoaren froga gisa.

egia-tribunanorte-pintxo2

 

Bar Egia

Ogi txigortua, urdaiazpikoz bilduriko gari-zainzuri birrineztatuak eta porru xaflatua

egia-baregia-pintxo1

Egia kaleko maldan gora egin eta gaina jotzerakoan eguneko laugarren geldialdia egingo dugu: Bar Egia delakoa. Lokalak barra eta jangela handiak ditu. Iragaitzaz dauden bezeroak egurrezko mahaietan kartetan ari diren auzokideekin nahasten dira.

egia-baregia-pintxo2

“35 urte inguru daramatzagu. Plater konbinatuak, ogitartekoak eta pintxo asko zerbitzatzen ditugu gehienbat. Ostiraletan pintxo-potea, behar den bezala… Baina gure tortillengatik gara ezagunak batez ere”, azpimarratu du Antonio jabeak.

Zoritxarrez, goizegi -eta beranduegi- etorri gara tortillak dastatu ahal izateko. Goizeko 11:30ak dira eta lehen bi tortillak dagoeneko agortu dira. “Une honetan bigarren txanda prestatzen ari dira sukaldean, beste bi tortilla. Hemendik gutxira aterako dira”.

egia-bargia-pintxo3

Arazorik ez. Barrako pintxoetako bat hartu dugu, tabernan sartu bezain pronto begiz jo dugun hori: ogi txigortua, urdaiazpikoz bilduriko gari-zainzuri birrineztatuak eta porru xaflatua. Ederra.

egia-bargia-pintxo4

Baina, egia esan, tortillak dastatzeko gogo handiz gelditu gara: “Enkarga ditzakezue. Inguruko enpresa askok eta epaitegietako langile ugarik enkargatzen dituzte”.

Aurki eskari bat egiteko hitza emanaz utzi dugu taberna… Ezinezkoa litzateke Bar Egia taberna bueltatzea askoren ustez hiriko tortillarik onenetako bat den hori dastatu gabe.

 

Bar Bidea

Letxuga-oinarria, aguakate, anana, txatka, saltsa arrosa eta ganbadun tartaleta

egia-barbidea-pintxo1

Sakrifizio guztiek beren saria dute. Eta Ametzagaña bere kale bizkiarekin batera auzoaren bizkarrezurra osatzen duen Karmengo Ama kale maldatsua igotzeak dakarren saria auzoko taberna girotsuenen artean dagoen Bar Bideaz gozatu ahal izatea da.

“1982. urtean ireki genituen ateak. Kafetegi hutsa zen orduan. Ez genuela gehiegi iraungo zioen jendeak eta, hara! Eguneko eta asteburuko menuak, janaurrekoak, gosariak eskaintzen ditugu orain… Denetarik!”, dio Txomin jabeak irribarrez. Eta kafetegi huts hura askoz gehiago bilakatu zen. Egun Real Sociedadeko kirol-lagunarterik zaharrena den lagunartea sortu zuten, Peña Bidea izenekoa. “Urtero lagunartekoaren jaia ospatzen dugu, ekaineko bigarren astean”. "Topagune oso ospetsua gara auzoko zale eta auzokideentzat”.

egia-barbidea-pintxo2

Beren pintxo ospetsuetako bat eskaini digu Isak barratik. Letxuga-oinarria, aguakate, anana, txatka, saltsa arrosa eta ganbadun tartaleta. “Guk geuk egiten dugu tartaleta, moldeko ogia labean sartuz”, azaldu digute bitxitasun gisara.

egia-barbidea-pintxo3

Irten aurretik, partida-egun batean bueltatzea gomendatu digute: “Mukuraino betetzen da hau. Taberna eta terraza, telebista bat kanpora ateratzen baitugu bertaratuek partida osoa ikusteko aukera izan dezaten. Giro ezin hobea sortzen da”.

Bar Bidea tabernara bueltatzeko eta azaldu diguten hori bertatik bertara ikusteko hitza emanaz utzi dugu lokala, horrek malda handi hauek berriz igotzea esan nahi badu ere! Izan ere Egia auzo guztia, mutur batetik bestera, hiriko auzorik jatorrenetako bat da eta ibilaldi, malda eta izerdi guztiak merezi ditu.

Eta, honela, gimnasiora ez joateko aitzakia izango dugu gainera.

X