Ibilaldi bat Woody Allen-en Donostiatik

Ekarri gogora Rifkin’s Festival-en eszenak hiriko toki enblematikoenetara eramango zaituen ibilbide interaktiboaren bidez

 


Bideoa ikusi

Distantzia

8,3Km

Geltokiak

10

Denbora

2,5h
3h

 

Rifkin’s Festival Donostiari eta zinema klasikoko zuzendari bikainei egindako omenaldia da. Vittorio Storaro-ren luparen (Apocalypse Now, Azken enperadorea) bidez, hiria bere osotasunean ezagutu ahal izateko bidaia batean barneratzera gonbidatu nahi zaitugu. Argazkigintzako zuzendariak, Woody Allenekin egiten dituen kolaborazioetan egin ohi duen moduan, aurkako bi munduren bidez irudikatu zuen Donostia: jaialdiaren eta kolorez eta argiz betetako hiriaren kanpoko errealitatea; eta Mort-en barneko bizitza eta ametsak zuri-beltzean erakutsita.

Filmak egoera surrealistak maitasunarekin eta tristurarekin elkarri lotutako istoriorekin nahasten ditu. Gainera, omenaldi maitekorra egiten die zinemako maisu handiei eta haien botere eraldatzaileari. Gustu eta ironia handiarekin egindako erreferentzia eta keinu ugariez gain, protagonistaren, Mort Rifkin-en, ametsek egile bikain batzuen film klasikoetako sekuentzia mitikoak erakusteko balio izan dute: Ingmar Bergman, François Truffaut, Jean-Luc Godard, Orson Welles, Luis Buñuel edo Federico Fellini, adibidez. Hala, Zumaiako Itzurun hondartza Zazpigarren zigilua (Bergman) lanean azaltzen dena bihurtu zuen, Kontxako hondartza Jules et Jim filmekoa (Truffaut), Gipuzkoako Foru Aldundiaren aretoak Aingeru sarraskitzailea (Buñuel) filmeko agertoki, edo Miramar jauregia eta Miraconchako txaletetako bat Charles Foster Kane gaztearen etxe (Citizen Kane, Orson Welles).

Jarraian, filmeko eszenak grabatu zituzten kokapenak eta haietako bakoitzari buruzko informazio historiko interesgarria ezagutu ahal izateko ibilbidea proposatuko dizugu.

Hasiko al gara?

Ibilbidearen mapa interaktiboa

Aukeratu gustukoen dituzun geldialdiak eta bizi Woody Allen-en Donostia

  • 1. Kursaal Zentroa
  • 2. Okendo Plaza - María Cristina Hotela - Victoria Eugenia Antzokia
  • 3. Zuloaga Plaza - San Telmo Museoa - San Vicente Eliza
  • 4. Boulevardeko kioskoa - Jazz Bar Altxerri
  • 5. Gipuzkoa Plaza - Gipuzkoako Foru Aldundia
  • 6. Bilbo Plaza - María Cristina Zubia- Gernikako Arbolaren pasealekua
  • 7. Kontxako Pasealekua
  • 8. Miramar Jauregia
  • 9. Haizearen Orrazia
  • 10. Aieteko Jauregia
  • Kursaal zentroa
  • Kursaal zentroa
  • Zurriola zubiaren eta Kursaal zentroaren ilustrazioa
  • Zurriola hondartza, Kursaal zentroa eta Urgull mendia
  • Kursaal zentroa Uliako begiratokitik

1. Kursaal Zentroa

Ibilbidea Kursaal Zentroan, filmean eta errealitatean Donostiako Zinemaldiaren agertoki nagusia den tokian, hasiko dugu. Jaialdiko giroa irudikatzen du filmak. Alaine Bainée (Vicky Cristina Barcelona) zuzendari artistikoa eta Sonia Grande (Midnight in Paris) jantzien diseinatzailea Zinemaldia xehetasun osoz birsortzen saiatu ziren istorioari sinesgarritasuna emateko. Dena den, logotipoak aldatu eta kartelak zerotik hasita sortu behar izan zituzten. “Oso dibertigarria izan zen guztia errealitatetik ahalik eta gertuen egotea, nahiz eta guztia asmatutakoa izan”, zioen Bainéek.

Kursaal Zentroaren eraikin abangoardista da, zalantzarik gabe, hiriaren nortasun-ezaugarrietako bat. Ba al zenekien Rafael Moneok diseinatutako kongresu-jauregi horrek 2001ean Europako eraikin onenari emandako Miles van der Rohe saria eskuratu zuela? Eraikin berezi honek hondartzan “hondoa jo duten bi arroka” simulatzen ditu, inguruneko geografiari eta zati naturalaren eta artifizialaren arteko harmoniari balioa emanda.

Kursaaletik, bi puntutan arreta jartzera gonbidatu nahi zaitugu: Zurriola zubia (1921) eta Art Decó estiloko farola deigarriak (horiek ere filmean Zinemaldiaren atrezzoan azaltzen dira), eta Michelin izar bat duen Mirador de Ulia jatetxea. Hain zuzen ere, jaialdi horretan ospatzen da protagonisten festetako bat eta atzealdean hiriaren panoramika ikusgarri bat azaltzen da. Gainera, Ulia mendian, mendian ibiltzeko hiriko tokirik onenetako batean, dago. Mendian ibiltzea gustuko baduzu... hor duzu beste egun baterako plana!

1

1 Kursaal Zentroa

  • Maria Cristina hotela
  • Maria Cristina hotela
  • Maria Cristina hotela
  • Okendo plaza eta Maria Cristina hotela
  • Maria Cristina hotelaren gaueko ikuspegia
  • Victoria Eugenia antzokia eta Kursaaleko zubia, ilunabarrean
  • Maria Cristina hotela eta Victoria Eugenia antzokia, ilunabarrean

2. Okendo plaza - Mara Cristina hotela - Victoria Eugenia 

Okendo plazatik Maria Cristina hotel historikoa eta glamourrez betetakoa, ikusi ahal izango dugu. Filmeko lokalizazioetako bat da eta bertan hartu zuten ostatu protagonistek. Filmatzeko garaian, Allenen familiak lehenengo Igeldoko etxe batean hartu zuen ostatu, baina gero nahiago izan zuten Maria Cristina hotelera joatea eta, noski! Ez ziren aldaketa hartaz damutu!

Hotela 1912an inauguratu zuten eta Belle Époque estilokoa da. Zinemaldira etortzen diren “izarren” hotel nagusia izaten da. Bertan hartu izan dute ostatu, beste hainbaten artean, honako hauek: Mata Hari, Coco Chanel, Audrey Hepburn, Alfred Hitchcock, Bruce Springsteen edo Steven Spielberg, beste askoren artean .

Maria Cristina hotelaren parean, Victoria Eugenia antzokia dago, Estatuko antzoki garrantzitsu eta aktiboenetako bat. Hotela bezalaxe, 1921an inauguratu zuten eta mende bateko historian zehar, film askoren mundu mailako estreinaldiak egin dituzte bertan: Hitchcoken Vertigo edo Con la muerte, adibidez. Gainera, Donostiako jaialdien eta bizitza kulturalaren erdigune bihurtu da eta Zinemaldiaren egoitzetako bat ere bada. Toki horretan, Hitchcocken paper laburretako bati egindako oroigarri bat topatuko dugu. Izan ere, publikoaren artean, Zinemaldiko zuzendaria eta zuzendariordea agertzen dira, Jose Luis Rebordinos eta Lucia Olaciregui, hurrenez hurren.

Geldialdi txiki bat egin eta zerbait hartu nahi baduzu, Okendo plazan dago Bar Tánger ospetsua. Haren terraza ere ateratzen da filmeko eszenetako batean!

2

2 Okendo plaza

  • San Telmo museoa
  • Zuloaga plaza eta San Telmo museoa
  • San Telmo museoko barne-patioa
  • San Bizente elizaren barnealdeko pinturak
  • San Bizente elizaren aldare nagusia

3. Plaza Zuloaga plaza - San Telmo Museoa - San Vicente eliza

Zuloaga plazan dago San Telmo museoa, eta kokapen horretan irudikatu zuten Zinemaldiko jaietako bat filmean. Zehatzago esanda, festa elizan agertzen da. Gaur egun, ekitaldi-areto gisa erabiltzen da eta Josep María Serten horma-irudi zoragarriekin apainduta dago (Euskal Herriko gai alegoriak azaltzen dira). Storaro txundituta geratu zen Serten horma-irudiekin eta eszena han filmatzea erabaki zuen.

Fraide domingotarren komentu zahar batean (XVI. mendea) kokatuta dagoen museo honetara sartzea gomendatzen dizugu. Estilo gotikoaren eta errenazentistaren arteko trantsizioan dagoen estilokoa da. XIX. mendean, artilleriako kuartel gisa erabiltzen hasi ziren eta, azkenean 1902an, museo nagusi gisa inauguratu zuten. Hain zuzen ere, Euskal Herriko museo zaharrena da. Euskaldunen iragan kulturala eta historikoa ezagutu ahal izango dituzu bertan eta, horrez gain, aldi baterako erakusketa ugariren egoitza izaten da.

Zuloaga plazaren parean dago San Bizente eliza Mort Rifkin-ek (Wallace Shawn) bertako erlijio-irudiak miresten zituen eszenetako batean. Eliza estilo gotikoan eraiki zuten XVI. mendean; barnealdean, bereziki azpimarratu beharrekoa da erretaula, Ambrosio de Bengoechearen lan nagusia (Gipuzkoan erromanismoaren adierazgarri nagusietako bat), Juan de Iriarterekin elkarlanean egindakoa. Gainera, kanpoko elizatean Jorge Oteiza eskultorearen (XX. mendeko eragin handiena izan zuen euskal artistetako baten) Pietatea eskultura ikus dezakegu.

3

3 Zuloaga plaza

  • Boulevardeko kioskoa
  • Donostiako udaletxearen kanpoaldea
  • Donostiako udaletxearen aurrealdean dauden Alderdi Eder lorategiak
  • Donostiako udaletxearen aurrealdean dauden Alderdi Eder lorategiak
  • Kontxa hondartza, Donostiako udaletxea atzealdean dela

4. Boulevardeko kioskoa / Jazz bar Altxerri

Wallace Shawn bere gogoetetako batean barneratuta azaltzen da, eta atzealdean Boulevardeko kioskoa ikus daiteke. Boulevarda Alde Zaharragune erromantikotik bereizten duen zumardia da. Gune erromantiko hori hiriko harresia eraitsi ondoren sortu zen eta bizitzaz betetako oinezkoentzako gune bihurtu da.

Musika-kioskoaz gain, zumardiko eraikin nagusia da Donostiako udaletxea, Belle Époque garaian hiriko Kasino Nagusi gisa eraikitakoa. Horrez gain, miretsi beharrekoak dira Alderdi Ederreko lorategiak eta bertako milazkak (ez baitira gehienek uste duten moduan tamarindoak!). Gainera, gure hiriari buruz gehiago jakin nahi baduzu, horixe da toki egokiena. Izan ere, Boulevardeko 8. zenbakian dago hiriko turismo-bulegoa!

Boulevardeko kioskotik metro gutxira dago Altxerri, entzuleen artean Gina Gershon eta Wallace Shawn dauden bitartean Louis Garrel bongoak jotzen ateratzen den taberna. Bien bitartean, pianoa jotzen Iñaki Salvador musikari donostiarra entzun dezakegu. Diotenez, eszena hau grabatzeko, Louis Garrelek bezperan egin zituen bongoekin entseguak musika-taldearekin batera. Altxerri Donostiako gune mitikoa da: arte-galeria eta jazzeko taberna bateratzen ditu, zuzeneko emanaldiak eskaintzen dituen kobazulo berezi batean.

4

4 Boulevard kioskoa

  • Gipuzkoa plazaren ilustrazioa
  • Gipuzkoa plazako urmaela, beltxarga eta ahateekin
  • Gipuzkoa plaza, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzarekin
  • Gipuzkoa plazako lorategiak

5. Gipuzkoa plaza / Gipuzkoako Foru Aldundia

Wallace Shawn, protagonista, despistatuta oinez dabil Gipuzkoa plazako lorategi zoragarrien artean (Pierre Ducasse lorezainak diseinatu zituen). Beltxargak eta ahateak ikus daitezkeen urmaelaz gain, Jose Maria Usandizaga konpositoreari eskainitako eskultura, tenplete meteorologiko konplexua eta koloretako loreekin eraikitako erloju erraldoia nabarmendu behar ditugu bertan.

Parkearen parean dago 1885etik Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza dena. Bertako areto hunkigarriak dira Luis Buñuelen “Aingeru sarraskitzailea” filmeko eszena bateko agertokia. Jose de Goicoa arkitektoak proiektatu zuen estilo neoklasikoa duen eraikina. Begiratu fatxadaren goialdera... Badakizu nor diren Gipuzkoako ezkutu historikoaren azpian ikus daitezkeen 5 horiek irudikatzen dituzten gizonak? Gipuzkoako 5 marinel ospetsu dira: Urdaneta, Elkano, Okendo, Lezo eta Legazpi.

5

5 Gipuzkoa plaza

  • Maria Kristina zubiaren ilustrazioa
  • Maria Kristina zubiaren ikuspegi osoa
  • Maria Kristina zubiko bidegurutzea Bilbo plazatik
  • Gernikako Arbolaren pasealekua, Maria Kristina zubia atzealdean dela

6. Bilbo plaza / Maria Kristina zubia / Gernikako Arbolaren pasealekua

Gipuzkoa plazatik aurrera eginda, Bilbo plazara iritsiko gara. Bertan dago Azurmendi familiak duela mende erdi batetik duen “Donosti” liburu-denda. Filmean, Wallace Shawn ikus daiteke Bilbo plazan paseoan. Bat-batean, liburu-dendako erakusleihora gerturatu eta kanpoko mahaian ikusgai dauden liburuei begirada bat emango die. Liburu-denda txiki horren fatxada modernista eta erakusleiho polita oso deigarriak dira. Gainera, azken hilabeteotan, beste telesail batzuen eszenario ere bihurtu da:“Patria” eta “La Línea Invisible”.

Plazaren parean, eta Urumea ibaira begira, Maria Kristina zubi zoragarria dago. Filmean, kabriolet gorri batean zeharkatuko dute zubia Elena Anayak eta Wallace Shawnek. 1905ean inauguratu zuten zubia eta bertako lau obelisko monumentalak direla eta nabarmendu behar da. Pariseko Alexandro III.a zubiko obeliskoak imitatuz eraiki zituzten.

Eskuinera biratuta, eta errepidea eta zubia gurutzatu gabe, Gernikako Arbolaren pasealekura iritsiko gara. Bertako zumardia behin baino gehiagotan zeharkatzen dute filmeko protagonistek eta bertan dago Jo Rojas doktorearen kontsulta (Elena Anaya), Club Vasco del Camping elkartearen eraikinean. Allenen taldeari asko gustatu zitzaion pasealeku hori: hura zuinkatzen duen arkitektura modernista eta bertako fatxada batzuetako Art Nouveau estiloko xehetasun batzuk. Horietako bat da, adibidez, Urumea euskaltegiaren fatxada, sendagilearen kontsulta jartzeko aztertu zuten beste eraikinetako bat.

Filmean, Mort Rifkin eta Jo Rojas ere azaltzen dira zerbait hartzen Botanika kafetegiko terrazan, pasealeku berean. Allenek, Storarok eta haren emazteak behin baino gehiagotan jan zuten lokal honetan... eta Storarok bereziki gozatzen zuen bertako mendrezkaz.

6

6 Maria Kristina zubia

  • Kontxa pasealekuko farolen ilustrazioa
  • Kontxa pasealekua eta Kontxa hondartza
  • Kontxa pasealekua eta Kontxa hondartza
  • Kontxa pasealekua eta Kontxa hondartza
  • Kontxa pasealekua eta Kontxa hondartza
  • Kontxa hondartzara jaisteko arrapala
  • Kontxa hondartza
  • Kontxa pasealekua, ilunabarrean, Santa Klara uhartea eta Igeldo mendiarekin

7. Kontxako Pasealekua

Kontxako hegala da filmeko funtsezko agertokietako bat, eta hor bertan gertatzen da filmean Gina Gershon-en eta Louis Garrel-en arteko paseo erromantikoa. Kontxako badia ikusgarria eta bertako baranda dira Donostiako ikurrik bereizgarrienak. Ba al zenekien baranda 1910ean eraiki zuela Juan Rafael Alday udal-arkitektoak eta, itxuraz, 5700 pezeta inguruko kostua izan zuela (34 € inguru)? Alfontso XIII.a erregea izan zen 1916an inauguratu zuena...

Kontxa hondartza urtero aukeratzen dute bidaia-aldizkariek Espainiako eta Europako beren sailkapenetan 1. postuan. Gainera, historia handiko hondartza da: 1845ean, itsasoko bainuak gomendatu zizkioten Isabel II.a erreginari medikuek bere azaleko arazoetarako. Hori zela eta, Donostia aukeratu zuen uda igarotzeko toki gisa eta modan jarri zuen goi mailako gizarteko aristokraten artean. Haiei esker, Donostia dotore eta ospetsuaren entzutea sortu zen.

Pasealeku horretan dago Café de La Concha kafetegia eta bertako terrazan azaltzen da Wallace Shawn Zinemaldiko beste zinemagile batzuekin hizketan. Aurrera begiratzen badugu, Miraconcha pasealekuko 32. zenbakian, Charles Foster Kane haurra zeneko etxea kopiatu zuteneko txaleta dago.

7

7 Kontxako pasealekua

  • Miramar jauregiaren kanpoaldea eta lorategiak
  • Miramar jauregiaren kanpoaldea eta lorategiak
  • Miramar jauregiaren sarrera nagusia
  • Miramar jauregiaren eta lorategien airetiko ikuspegia
  • Ondarreta hondartzaren eta Igeldo mendiaren ikuspegia Miramar jauregiko lorategietatik.
  • Urgull mendiaren eta Loretopearen ikuspegia Miramar jauregitik

8. Miramar jauregia

Kontxa pasealekutik Ondarretarantz aurrera jarraitzen badugu, ezkerrean Donostiako beste altxorretako bat ikusi ahal izango dugu: Miramarjauregia. Barnealdea zein kanpoaldea ageri dira filmean: barnealdean, zerotik sortu zuten Mort Rifkin-en New Yorkeko psikiatraren bulegoa, Estatu Batuetako estiloan oinarrituta (Allenen filmetan tipikoa da). Kanpoaldean, aldiz, lorategian, Citizen Kane filmeko eszena bat simulatzeko atea eta burdin hesi bat jarri zituzten. Jauregiko lorategia ere azaltzen da Wallace Shawnek eta Elena Anayak bisitatzen dituzten beste toki turistikoetako bat bezala. Bertan, saltzaile ibiltari bat gerturatuko zaie.

Maria Kristina erreginak udarako bere egoitza izan zedin eskatuta eraiki zuten Miramar jauregia 1893an. Ordutik, erreginak zein haren gorteak egoitza hartaz gozatu zuten uda guztietan hil zen arte. Viktoria Eugenia erreginak ere jauregi hartaz gozatu zuen eta hantxe bataiatu zuten erritu katolikoaren arabera Alfontso XIII.arekin ezkondu ahal izateko. Eraikina bisitatzea merezi du hainbat arrazoi direla eta: haren historia, arkitektura eta lorategitik ikus daitezkeen bista ikusgarriak. Atera argazki-kamera!

Miramar jauregiko lorategiaren amaieran Kontxa eta Ondarreta hondartzak bereizten dituen muino harritsu bat dago. Donostiarrek Pico del Loro deitzen diote toki horri, baina ba al zenekien haren jatorrizko izena Loretopea dela? Loretoko amabirjinari eskainitako garai bateko ermitatik dator izena eta “Loretoren azpian” esan nahi du. Gaztelaniazko Pico del Loro izena itzulpen-akats batetik dator!

8

8 Miramar jauregia

  • Haizearen orraziaren ilustrazioa
  • Haizearen Orrazia, Eduardo Chillidaren eskulturekin
  • Santa Klara uhartea eta Urgull mendia Haizearen Orrazitik
  • Ekaitza Haizearen Orrazian, itsaso zakarrarekin

9. Haizearen Orrazia

Donostiara datorren edonorentzat, Haizearen Orrazia derrigor bisitatu beharreko tokia da... Eta bisita hori ere azaltzen da Mort Rifkinen eta Jo Rojasen ibilbide turistikoan!

Haizearen Orrazia Eduardo Chillidak Luis Peña Gancheguik sortutako ingurune arkitektonikoan egindako eskultura multzoetako bat da. Toki magikoa da, artea eta natura bateratzen dituena. Bertan, altzairuzko hiru pieza (bakoitza 2 metro eta 9 tonakoa) arrokei gogor helduta daude, eta olatuekin, haizearekin eta itsasoarekin bat egiten dute. Enbata dagoenean, ikuskizuna zoragarria izaten da: olatuek arrokak gogor jotzen dituzte eta, geyserrak balira bezala, ura indarrez ateratzen da airerantz plazako zuloetatik... Ez despistatu edo blai eginda amaituko duzu!

9

9 Haizearen Orrazia

  • Aieteko jauregiaren ilustrazioa
  • Aieteko jauregiaren kanpoaldea eta Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea
  • Aieteko jauregia eta bertako lorategiak
  • Aieteko jauregiaren sarrera nagusia eta lorategiak

10. Aieteko jauregia

Ibilbidea bukatzeko, derrigor bisitatu beharrekoak dira Aieteko jauregia eta parkea. Toki hori ere txuri-beltzez filmatu zuten Mort Rifkinen ametsak irudikatzeko eta, zehatzago esanda, haurtzaroko ametsak. Gainera, bere maisu handietako bati omenaldia egiteko baliatu zuen: Federico Fellini.

Aieteko jauregia pertsonaia historiko askoren egoitza izan zen: Isabel II.a erreginarena, Alfontso XII.a erregearena, Maria Kristina erreginarena, Alfonso XII.a erregearena edo Ingalaterrako Alejandra Viktoria erreginarena, adibidez. Ba al zenekien Maria Kristina erreginak euskal hizkuntza eta kulturarekiko interesa zuela eta euskara pixka bat ikasi zuela Aieteko parrokiako apaizekin? Gainera, bere gonbidatu berezienei harrera egiteko garaian aurreskua egiteko agintzen zuen!

Francisco Franco diktadorea izan zen Aieteko jauregian urte batzuetan uda igaro zuen beste pertsonetako bat. Eraikin hura, gaur egun, Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea da eta bertan egin zuten euskal gatazka konpontzeko Bakearen Nazioarteko konferentzia.

Zure ibilbidea pentsatzeko garaian, bertako parkean lasai-lasai paseatu ahal izateko behar adina denbora gordetzea gomendatzen dizugu; landareen eta zuhaitzen 100 espezie baino gehiago topatuko dituzu bertan. Toki magiko honetan, naturaren erdi-erdian sentituko zara, hirigunetik urrats gutxi batzuetara egon arren. Sekuoia luze bat bilatzera gonbidatu nahi zaitugu... Horixe da Donostiako zuhaitz altu eta zabalena!

10

10 Aiete jauregia

 

Donostiari buruz

"Lanera joan aurretik hondartzara joatea edo, filmatze-lana amaitutakoan, egunaren amaieran, hiri eder honetan paseo bat ematea sekulako plazera zen"

Gina Gershon

Aktorea
"Munduari paradisu gisa Donostiaren inguruan dudan ikuspegia aurkeztu nahi diot, garai batean New Yorkekin egin nuen modua"

Woody Allen

Zuzendaria, gidoilaria eta aktorea

 

Ba al zenekien...?

Hasiera batean, Woody Allenek Mort Rifkin gizon gazte baten moduan irudikatu zuen, baina haren betiko lagun batek, Juliet Taylor-ek, rolerako Wallace Sahwn aukera zezala iradoki zion eta hauxe pentsatu zuen Allenek: “Jainko maitea, bikaina da! Zertatik ez dut benetako intelektual bat aukeratzen?”. Zalantzarik ez zuen izan bere irudi komikoa, alderdirik emotiboena erakusteko gaitasuna eta, batez ere, benetan inteligentea zela uste zuelako hura protagonista gisa aukeratzeko garaian.

Filmatzeko garaian, Woody Allenek ez du 20 minutu baino gehiagoko bidaiarik egiten autoz. Hori zela eta, Galarretan dagoen Oronaren eraikina aireportuko terminal bihurtu zuten zehaztasun osoz. Bestalde, Atotxa dorrearen behealdeak hegazkin baten barnealde bihurtu zituzten. Eszena hartan Barbara Goenaga aktorea ateratzen zen, baina, azkenean, amaierako muntaketatik kanpo geratu zen.

Elena Anaya aktoreak elkarrizketa batean azaldu zuen Woody Allenek lortu nahi izaten duen perfekzio maila. Hasiera batean, suntsitu egiten zuen honelako astakeriak entzuteak: “It’s awful. Ez dut sinesten egiten ari zaren hori. Zinemaren historiako aktorerik okerrena zara” edo “Norbaitek munduko antzezpen okerrenari buruzko liburua idatzi beharko balu, zuri deitu beharko lizuke”. Bere produktoreak, Helenek, ez kezkatzeko esan zion; izan ere, mundu osoko aktore onenei bota izan omen dizkie halakoak.

Non jaten zuen Woody Allenek? Ikusi ze jatetxetara joan zen Woody Allen Donostian egon zenean. 

Woodyren ibilbide gastronomikoa

 

Donostia inguruan...

Itzurun hondartza

Donostiatik 35 km-ra dago Itzurun hondartza. Suediako hegoaldean dagoen Hoys Hallar-eko hondartza da filmean, eta bertan filmatu zuen Bergmanek Zazpigarren zigilua filmeko lehen eszena, eta han irudikatu zuen Christoph Waltz-ek heriotza. Hondartza zoragarri horretan, flyscha izeneko fenomeno geologikoa mirets dezakegu. Beste film batzuetan ere azaldu da, Game of Thronesen, adibidez.

Pasai Donibane

Wallace Shawnek eta Elena Anayak badia txalupa motordunaz zeharkatuko dute Pasai Donibanera bidean. Arrantza-herri zoragarri horretako merkatua bisitatuko dute.

 

X