Cristina Enea Parkea

Kristina Enea Parkea Egiako “green” auzoa dela esan daiteke. Hiriko parke handiena eta basotsuena da, Mandasko dukeak Donostiari egindako oparia (horregatik du haren emaztearen izena), jatorrizko itxura errespetatzeko baldintzapean. Eta halaxe izan da: parkeak garai bateko xarma bera du, bide-zidorren sare osoarekin. Eta goiko aldean, etxebizitza izan zenaren alboan, oraindik ere ikus daitezke askatasun osoz bertan ibiltzen diren paumak.

Ibilbide berdeak irisgarriak eta interaktiboak

Ibilbide interaktiboa: Donostiako Parke magiko honen ibilbide atseginean murgiltzera gonbidatzen zaitugu

Distantzia

Icono distancia 1Km

Geldialdiak

Icono localización 9

Denbora

Icono tiempo en bicicleta 45m
  • Cristina Enea parkeko sarrera
  • Cristina Enea parkeko sarrerako karetela parekaren izenarekin
  • Guardaren erakina parkearen sarreran

1. Donostia XIX. mendearen amaieran

Audio gida

Donostia XIX. mendearen amaieran

Kaixo! Oraintxe bertan amets baten emaitzan sartzen ari zara. XIX. mendearen amaierako senaremazte batzuen ametsa: Cristina Enea; Cristinaren etxea.

Lursail hau Urumea ibaiaren azken meandroak sortutako muino txiki batean dago. Gaur egun ia 95.000 m2 hartzen ditu eta Donostiako erdiguneko parkerik handiena da.

Finka honek XIX. mendearen bigarren erdialdean du jatorria. Aldaketa handiko garaia da gure hiriarentzat. 1863an, gaur egun Alde Zaharra bezala ezagutzen duguna inguratzen zuten harresiak botatzea onartu zen. Horri esker, hiria zabaldu ahal izan zen, zabalgune ordenatuak sortu eta izaera berria eraikitzen hasi zen, hiri moderno eta Gipuzkoako hiriburu gisa.

Espainiako Maria Cristina Erregina Erregenteak, Alfontso XII.a erregearen alargunak, Donostia aukeratzen du oporretarako leku gisa. Udako hilabeteetan, iparraldera dator Kantauriko urez eta Espainia erdialdekoa baino klima leunagoaz gozatzeko. Haren ondoan, Madrilgo gortea eta gobernua Donostiara datoz, eta etorbide handiak, jauregiak eta garaiko aristokrazia eta goi burgesiako eraikin dotoreak eraikitzen hasten dira. Horrekin batera, kasinoak, antzokiak, hotelak, bainuetxeak etabar sortzen dira, eta Donostia hiri dotore eta kosmopolita bihurtzen da, mende aldaketako Europako hiri modernoen ildotik.

XIX. mendetik XX. mendera bitarteko garai hartako pentsamenduak, filosofiak eta korronte artistikoek sentimendua arrazoiaren gainetik, naturaren presentzia, korronte higienistak eta estilo klasikoaren edertasuna goraipatzen zituzten, besteak beste, eta horrek guztiak eragina izan zuen Donostiako arkitekturan, paisajismoan eta hirigintzan.

"Itsasoko urak hartzea" osasungarria zen. Ez zen hondartzara joatea gaur egun egiten dugun bezala. Gehiago zen osasun eta terapia kontua, aisialdia baino. Horregatik, uda pasatzera kostaldera joatea, goi-mailako gizarte-geruzen joera izan zen. Garai hartan hasi ziren gure hirian finkak eta udako jauregiak eraikitzen, garai hartako gustuarekin bat zetozen formak hartzen zituztenak: jauregi rustikoak, pintoreskoak, parke eta lorategi oparo, dotore eta exotikoz inguratuak, natura ideal bat irudikatzen saiatuz.

Giro horretan kokatzen da Cristina Enea. Mandasko dukeak bertako biztanleak izan ziren. Hemen sortu zuten estilo pintoreskoko lursail bat, non beren gustu erromantikoenak askatu ahal izan zituzten.

1
Cristina Enea parkeko sarrera

1 Donostia XIX. mendearen amaieran

  • Cristina Enea parkeko zubi baten gaineko bidea
  • Cristina Enea parkeko zubi baten gaineko bidea
  • Cristina Enea parkeko zubi baten azpiko bidea

2. Dukeen herentzia

Audio gida

Dukeen herentzia

Cristina Brunetti y Gayoso de los Cobos Cristina Enean hil zen 1914an, 83 urte zituela. Bere senar Fermin Lasala Colladok beste hiru urtez bizirik iraun zuen, Madrilen hil baitzen, 1917an, 85 urte zituela. Bikote honek ez zuen ondorengorik izan, eta, beraz, ez zuten inor zuzenik bere ondasunak uzteko. Mandasko dukeek Gipuzkoa eta bere Donostia maitea oinordetzan uztea erabaki zuten. Cristina Enea lursaila Donostiari utzi zitzaion, testamentuak dioen bezala: "Paseatzeko parke bat izan zezan". Garai batean, dukeen anai-arrebek eta ilobek erabil zezaketen usufruktoan, baina handik gutxira, senideek finka erabiltzeari utzi zioten, eta 1926an hartu zuen Donostiako Udalak Cristina Enearen jabetza.

Hala ere, dukeek idatziz utzi zuten hiriak parkea erabiltzeko eskakizunen zerrenda bat. Besteak beste, eskatu zuten Cristina Enea izena inoiz ez aldatzeko, ilunabarrean egunero itxi behar zela, edo inoiz ez saltzeko, alokatzeko edo trukatzeko hazbete lurrik, ez eta eraikinetako teilarik ere. Bitxikeria gisa, idatzita utzi zuten erabat debekatuta zegoela parkean jokoan aritzea, dela pilota, footballa edo erruleta. Horrez gain, Ferminek bere emazte maitearen erretratua Madrileko bere jauregitik Cristina Eneara eramateko eskatu zuen, eta jauregiko leku nagusi batean jartzeko. Horrela, Cristina beti egongo da bere etxean, Cristina Enean.

2
Cristina Enea parkeko zubi baten gaineko bidea

2 Dukeen herentzia

  • Banku bat eta belar artean dijoan bidea
  • Zuhaiza, banku bat eta belar artean dijoan bidea
  • Parkean zuhaitzez inguratutako bidexka

3. Obaloa

Audio gida

Obaloa

Finkaren goiko aldeko zabalgune zirkular horretan, Gladys Del Estalen omenezko eskultura bat dago. Gladys Egiako gazte bat izan zen, Cristina Enea dagoen auzokoa, ingurumenarekin konprometitua eta auzoko talde ekologista eta antinuklearreko kide zena. Cristina Enearekin ere lotura handia zuen, eta hemen jarduerak egiten zituen gazteentzat, natura betean. 1979an erail zuen poliziak Tuteran, protesta antinuklear baketsu batean. Heriotzaren ostean, auzoa eta hiria kalera atera ziren protesta olde batean, Euskal Herri osoan. Bere omenez, kareharrizko tamaina ezberdineko emakume irudiez osatutako eskultura hau jarri zen.

Eskulturaren parean, bidearen beste aldean, azal zimurtsuko zuhaitz handi bat ikus dezakegu. Ginkgo biloba ospetsua da. Abaniko itxurako bere hosto bitxiekin, jatorria duela milioika urte duen eta planetako eskualde handiak populatu zituen familia batean bizirik geratzen den ordezkari bakarra da. Erresistentzia handiko txapeldun honek, planetako hondamendi larrienetako batzuk gainditu ditu, duela 66 milioi urte dinosauroak akabatu zituen meteoritotik hasi eta Hiroshimako bonbardaketa atomikoetaraino. Ginkgo biloba-k beti eusten dio.

Ginkgoek banaketa sexuala dute, hau da, zuhaitz batzuk emeak dira eta beste batzuk arrak. Cristina Eneako ale hau emea da, eta udazkenero marroi horixka koloreko fruitu haragitsuak ematen ditu, aranaren antzekoak. Fruitu horiek azido butirikoa dute, eta horrek oso usain fuertea eta desatsegina ematen die. Horregatik, gaur egun kale eta lorategietan landatzen diren ginkgo gehienak arrak izaten dira, usain txar hori saihesteko. Txinan oso zabalduta dago sendagarri moduan, garuneko odol-zirkulazioa hobetzen laguntzen baitu, batez ere memoria-arazoetarako, nekea arintzeko edo depresiorako.

Dukeek ginkgo bat nahi izan zuten Cristina Enean, eta horretarako faktura garesti xamar bati aurre egin behar izan zioten. Horixe zen landetxe baten eta bertan bizi zen familiaren estatusa markatzen zuen espeziea.

3
Banku bat eta belar artean dijoan bidea

3 Obaloa

  • Mandasko dukearen bustoa
  • Mandasko dukearen bustoaren lehen planoa
  • Mandasko dukearen bustoa udako finakren aurrean

4. Mandasko dukeak

Audio gida

Mandasko dukeak

1832an Donostian jaio zen Fermin Lasala Collado jauna. Bere aita, Fermin Lasala Urbieta, hiri honetako alkatea izan zen, bai eta Donostiaren berreraikitze eta berpizkundearen bultzatzaileetako bat ere, 1813an Napoleonen aurkako Espainiako Independentzia Gerran hiria erreta eta suntsituta gelditu ondoren. Eragin politiko handia izan zuen bai probintzian baita Madrilen ere, eta horrek bide politikoa erraztu zion semeari.

Bere ama, Rita Collado y Parada, hiriko familia aberatsenetako batekoa zen, garaiko itsas enpresari eta merkatari handiak.

Mandasko dukea izango zena, gure Fermin Lasala Collado, seme bakarra zen, eta aitarengandik eta amarengandik dirutza handia eta harreman sare zabala jaso zituen oinordetzan, garai hartako gizartearen goreneko mailetara igotzea ahalbidetu ziona. Espainiako Gorteetako diputatua izan zen Madrilen, Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, hainbat sailetako ministroa eta enbaxadorea Parisen eta Londresen, hainbat alditan. Garaiko esfera politikoan dena izatera iritsi zen, Maria Cristina Erreginara zein Alfontso XIII.a erregera zuzenean sarbidea izan zuelarik, eta gobernuaren presidente izan zen Cánovas del Castillorekin oso lotua egon zen.

Madrilen Maria Cristina Fernanda Brunetti y Gayoso de los Cobos ezagutu zuen. Lazaro Brunetti, Austriar Inperioaren enbaxadorea Madrilen, eta Maria Josefa Gayoso y Téllez Gironen alaba zen, garai hartako familia aristokrata garrantzitsuenetako baten alaba, alegia. Osaba Osunako duke boteretsuak utzi zion oinordetzan Mandasko dukesa titulua, hil zenean. Berari buruz ez dakigu asko. Historia Naturalaren Espainiako Errege Elkartearen talde sortzaileko kide izan zen, eta horrek bere izaeraz eta naturaren ezagutzarekiko zuen kezkaz hitz egiten digu. Bere 26 bazkide fundatzaileetatik, 3 baino ez ziren emakumeak, Cristina Brunetti horien artean.

1859an, Fermin eta Cristina Madrilen ezkondu ziren. Politikari burges perfektuaren eta aristokrata perfektuaren arteko batasun perfektua zen. Ferminek bere eragin politikoa jartzen zuen eta Cristinak titulu aristokratikoa. Ezkondu bezain laster, senarraren jaioterrira, Donostiara, abiatu ziren, bizitza berriari ekin eta gorteko udako hirian etxalde bat eraikitzeko ohiturarekin bat egitera.

4
Mandasko dukearen bustoa

4 Mandasko dukeak

  • Mandaseko dukearen bustoa Cristina Enea finkaren aurrean
  • Cristina Enea finka
  • Cristina Enea finka

5. Cristina Enea finka

Audio gida

Cristina Enea finka

Mandasko dukeek lursail batzuk aukeratu zituzten Urumeako azken meandroan, hiriaren kanpoaldean. Erosi zituzten lehen lurrak Mundaiz finkarenak izan ziren, ondoren eskuratu zituzten inguruko baserriak, baratzeak eta baita ibai ondoko marea-errota bat ere. Hori guztia erosten zuen diru kopuru handiak eragin zuen bere paradisua eraikitzeko tamaina perfektua izatea lursailak. Lurrak erosi ahala, garai hartako eta bikotearen gustuen arabera diseinatzen joan ziren lursaila.

Bideak, basoak, zuhaitzak, urmaela... jauregia edo zerbitzu-eraikinak berak baino lehen diseinatzen eta eraikitzen ziren lehenengo gauzak ziren. Horretarako, arkitekto eta paisajista handiak kontratatu zituzten, garai hartako onenak, Lecour lorezaina, Georges Aumont paisajista paristarra edo Pierre Ducasse lorezain ospetsua kasu.

Parkeko eraikin nagusia José Clemente de Osinaldek diseinatu zuen, arkitekto handia eta dukearen konfidantzazko pertsona. Hasiera batean, behe solairua eta ganbara besterik ez zituen, beranduago, albo batean solairu bat eta gorputz gehigarri bat gehitu zitzaizkion, gaur egungo itxura hartu arte.

Estilo pintoreskoko jauregi horretan kokatu zuten dukeek udako egoitza, eta garai hartako politikari, militar eta erlijioso ospetsuak igaro ziren handik. Mandasko dukeen finka maitea, Cristina Enea, bere hedadura, diseinu eta paisaia aberastasunagatik miretsienetako bat bihurtu zen.

Gaur egun, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxea dago bertan, eta erakusketa-aretoak eta dokumentazio-zentro bat daude. Era berean, izen bereko fundazioaren egoitza da, ingurumensentsibilizazioan eta -hezkuntzan lan egiten duena.

5
Mandaseko dukearen bustoa Cristina Enea finkaren aurrean

5 Cristina Enea finka

  • Kapera
  • Sukaldeak zeuden eraikina
  • Kaperara sarrera
  • Sukaledeen eraikina zuhaitz artean
  • Kaperaren lateral bat

6. Sukaldeak eta kapera

Audio gida

Sukaldeak eta kapera

Jauregia eraiki eta handik gutxira, eraikin nagusitik bereizitako eraikuntza berri bat egin zen. Hemen jarri zituzten sukaldeak. Nahiko ohikoa zen sukaldeetan suteak egotea, eta, beraz, jauregia erre ez zedin, beste eraikin batera eramatea zen aukerarik onena.

Bitxiena da, janaria jauregiko jantokira eramateko, Cristina Enearen kasuan, bi eraikinak lotzen zituen lurpeko pasadizo bat diseinatu zela. Ez zegoen zertan otordua lursailetik paseatu... Geroxeago, kapera txiki bat gehitu zitzaion sukaldeen eraikinari, non dukeek meza entzun baitzezaketen beren finkatik irten gabe.

Dukeek ahal zuten denbora guztian gozatu zuten Cristina Eneaz. Ferminek Madrilen, Londresen edo Parisen egindako lanaren ondorioz, Cristinarengandik bananduta egon zen denbora luzez. Bera ere herrialdetik mugitzen zen bere finka edo jauregi ezberdinetara, eta, beraz, bien arteko komunikazioa zaildu egiten zen. Baina hemen ikusten dugu berriro Ferminen azkartasuna. Ferminek trena Frantziara irits zedin bultzatu zuen, Donostiatik pasata, bai eta geltokia bere finkaren ondoan egotea ere. Bere begi estrategikoari esker, garai hartako komunikazio-bide nagusiaren geltokia bere finkaren ia sarreran izatea lortu zuen.

Posta Madriletik edo Parisetik egunero iristen zen Donostiara, eta, beraz, senar-emazteek egunero korrespondentzia izaten zuten bananduta zeuden garaian. Cristinak Ferminengandik jasotzen zituen gutunak gordetzen dira, nonahi zegoela ere, Madrilen edo Parisen. Gutun horietan Cristina Eneako lanen jarraipena ezagutu daiteke, senar-emazteen arteko amodioa eta Cristina Eneari zioten maitasun handia ere.

6
Kapera

6 Sukaldeak eta kapera

  • Putzua
  • Putzua
  • Putzua inguratzen duen hesia
  • Putzua

7. Putzuak

Audio gida

Putzuak

Txoko hau parkeko lekurik berezi eta magikoenetako bat da, baita ezezagunenetako bat ere. Putzu-multzo artifizial txiki bat da, natura imitatuz eraiki zirenak. Hauen hondoa material biologikoekin inpermeabilizatuta dago, eta jasotzen duten ur-ekarpena euri-ura da, parkean bertan bildutakoa. Ur gezako habitat hauek oso garrantzitsuak dira anfibioek beren bizi-zikloa osa dezaten, eta, gainera, ura eskaintzen diete parkeko gainerako animaliei.

Putzuak inguratzen dituen ezkutuko oihan txikian, Japoniako astigarra aurki dezakegu, udazkenean kolore gorri ederra hartzen duten izar formako hostoekin. Alocasia ere ikus daiteke, beti berdea den landare bat, "Elefante belarri" bezala ere ezagutzen dena, bere ezaugarri nagusia, beharbada elefante baten belarrien antza duten gezi formako bere hosto handiak baitira.

Gune honetan, parkeko anfibioak ugaltzen dira: apo arrunta, baso-igel gorria eta txantxikua. Hezeguneen desagerpenaren ondorioz, anfibioak dira munduan azkarren desagertzen ari diren ornodunak. Horregatik, habitat hau mantentzea garrantzitsua da.

Datu bitxi bat: Cristina Enean aurki dezakegun txantxiku arrak ernaldutako arrautzak atzeko hanken artean garraiatzen ditu hilabete batez, errutetik eklosiora. Portaera hori ezohikoa eta liluragarria da animalien erresuman, arrak ernaldutako arrautzen kargu egiten, bere seme-alabena, alegia.

7
Putzua

7 Putzuak

  • Umeak urmaelaren ondoan
  • umeak urmaelaren ertzean ahateak eta beltzaragak ikusten
  • Zenbait pertsona urmaelaren inguruan

8. Urmaela

Audio gida

Urmaela

Cristina Eneako gune hau ziurrenik parkeko ezagunena da. Cristina Enean modu egonkorrean bizi diren ahate, beltxarga eta paumak bertatik mugitzen dira eta gehien bisitatzen duten lekua da.

Paumak isats handia eta kolore deigarriak dituzten hegaztiak dira. Baina jakin beharra dago denek ez dituztela isats famatu horiek, eta ez daudela beti hain eder. Paumak identifikatzeko erabiltzen ditugun kolore bizi horiek arrek gortetzerako duten gala-jantzia besterik ez dira. Udaberrian hazten zaie emeei deitzeko eta haiek erakartzeko irekitzen duten isats dotorea, eta kolore bizi eta urdindu horiek erakusten dituzte, haien aurrean harrotzen dira. Baina, uda erdialdean, isatseko luma luzeak erortzen hasten zaizkie, hurrengo urtera arte erabat desagertzen direnak. Emeek, berriz, lumaje diskretuagoa dute, marroixka, kamuflatzen laguntzen diena, oso itxura erabilgarria umatzegaraian.

Paumez gain, Cristina Enean animalia diskretuagoak eta ez hain glamourosoak ere badaude, baina ez horregatik garrantzi txikiagokoak, parkeko biodibertsitatea handitzen laguntzen baitute. Horietako bat arkanbelea da, Europako kakalardo handiena. 9 zentimetro izatera irits daiteke. Kakalardo horrek zuhaitz zaharrak behar ditu bizitzeko, emeek arrautzak jartzen baitituzte azalaren azpian. Cristina Enean badakigu parkeko haritz zaharrak erabiltzen dituztela. Arrak emeak baino handiagoak dira eta masailezurrak askoz ere garatuagoak dituzte borrokarako. Orein baten adarrak gogorarazten dituen forma dute, hortik datorkie gaztelerazko izen arrunta: Ciervo volador.

8
meak urmaelaren ondoan

8 Urmaela

  • Konifero-eremua
  • Konifera baten inguruan dagoen hesia
  • Zenbait konifera belardi batean eta bertan ahate bat
  • Konifera erraldoi bat
  • Koniferen adarrak

9. Konifero-eremua

Audio gida

Konifero-eremua

Finka handi honetan, bertako espezieekin batera, bost kontinenteetatik ekarritako tamaina eta edertasun handiko zuhaitzak aurki ditzakegu. Horietako batzuk hemen dugun zelai honetan ditugu.

Parkeko txokorik ederrenetakoa da, non Libanoko zedro bat, Lawson altzifre bat edo sekuoia mota ezberdinak ikus daitezkeen.

Gaur egun oso zabalduta dago beste herrialde batzuetako landareen erabilera apaingarria, baina XIX. mendearen bigarren erdian, Cristina Enea sortu zen garaian, oso berezia zen urruneko lekuetako espeziez gozatzeko aukera izatea.

Mandasko dukeek mundu osoko landareak ekarri nahi izan zituzten Cristina Eneara, milaka kilometroko bidaien ondoren bakarrik ezagutu zitezkeenak. Izan ere, bertakoak ez ziren espezieak lortzea ez zen ez erraza ezta merkea ere.

Belardi honetan gailentzen den zuhaitz erraldoia Libanoko zedro bat da eta Cristina Eneako zaharrenetakoa da. Handienetako bat ere bada, ale honek 30 metroko altuera eta 6 metroko perimetroa baititu.

Zedro honek, Libanoko zedroen kono forma bereizgarria galdu du, bere garaiera gorenera iritsi dela eta jada hazteari utzi diola adierazten duena. Bere hostoak, orratz formakoak, kolore aldakorrekoak dira, berde ilunetik berde urdinxkara.

Bere fruituek upel forma bereizgarria dute eta ertz purpurazko ezkata lauez osatuta daude, askotan erretxinadunak. Bere egur indartsu eta iraunkorraren kalitatea dela eta, Libanoko zedro basoak antzinatik ustiatuak izan dira. Egiptoarrek jada zura erabiltzen zuten beren eraikuntza handietarako, eta hostoen olioa momiak baltsamatzeko. Libanoko zuhaitz nazionala da, Ekialde Hurbilean, eta bere silueta herrialde honetako banderan agertzen da.

9
Konifero-eremua

9 Konifero-eremua

 


Bideoa ikusi

Cristina Enea parkeak istorio eder bat ezkutatzen du bere baitan, Fermin eta Cristina Mandasko dukeak protagonista dituena. Eragin handiko bikote hau XIX. mendearen amaierako Donostiako burgesiaren parte izan zen, eta Cristina Enea, bere udako finka maitagarria, bere diseinu eta aberastasun paisajistikoagatik miretsi eta bisitatuenetako bat bihurtu zen.

Parkeko ibilaldi honetan, "Cristinaren etxea" nola eraiki zen gogoratuko dugu, bai eta bertako txoko berezienak ezagutuko ere.

X