Euskal Kostaldeko Geoparkea

Euskal kostaldeko geoparkeko itsaslabarrek flysch izeneko harkaitz-geruzez osatutako egitura dute, eta 60 milioi urteko bilakaera geologikoa erakusten digute

Euskal Kostaldeko Geoparkea Zumaia, Deba eta Mutrikun barrena zabaltzen den itsasertzeko lurralde estua da. Lehen begiratuan, itsasertzetik barrurantz, bata bestearen atzetik dauden zelai eta basoak nabarmentzen dira. Baina beti gertatzen den bezala, benetako edertasuna barnealdean dago, eta leku honen interes benetakoa erraietan aurkituko dugu. Paisaia honen geologiak lurraren historia pasarte zirraragarrienetako batzuen sekretuak ezkutatzen ditu.

geoparque-acantilado

Flyscha ondoz ondoko arrokageruzen egundoko formazioa da. Itsasoaren etengabeko lana dela eta, agerian geratu da eta azken 60 milioi urte hauetan lurrean gertatu diren aldaketa biologikoei, geologikoei eta klimatikoei buruzko informazioa oso baliotsua erakusten du. Flysch-egitura itsasertzeko 13 kilometro luzetan kokatuta dago, Mutriku eta Zumaia artean. Lur-tarte txiki honek erakutsi die zientzialariei planetaren intimitate asko, bai Iberiar Penintsula Europara itsatsi zenekoa eta Pirinioen sorrera, eta baita dinosauroen desagertzea ere.

Lurraldearen barnealdean ere denborak zizelkatutako altxor paregabeak daude. Inguru honetan dago Gipuzkoako arkeologia-barrunbe multzorik handiena, non Gizateriaren Ondare den Ekain haitzuloa nabarmentzen den. Deban, aire zabaleko museo batek historiaurrea ezagutzeko eta sentitzeko aukera emango dizu: HAB da, Historiaurreko Bailara , unibertso sinestezin batera eramango zaituen ibilbide interpretatua.

Geoparkean zehar oinez ibiltzea kostaldearen eta barnealdearen arteko oreka bertatik bertara ezagutzeko modurik onenetako bat da. Geoparkearen Geoibilbideen Sarea osatzen duten ibilbide geologikoak eta Geoparkeko Bira (hiru etapatan banatutako 54 km-ko mendi-ibilien bide zirkularra) aukera ezin hobea dira itsaslabarren, mendien, haranen eta nortasun handiko herrien artean hedatzen diren paisaiez gozatzeko.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak bisita interpretatuen programa zabala eskaintzen du urte osoan zehar, itsasontziz zein oinez lurraldeaz gozatzeko. Geologia-, kultura- eta gastronomia-izaerako hamabost bisita gidatu motak eta familientzako proposamen bereziek osatzen dute programa.

 

X