Egun-pasa gustagarria Adarrazpi gaztandegian
- Txangoak
- 2018 Mar 14
Sisters and the Cityn kontu interesgarriak ezagutzeko esperientziak atsegin ditugu, horrenbeste maite dugun lurrarekin konektatzen gaituzten horietakoak.
Donostia Turismoaren atarian genbiltzala, Basque Cooltour elkartearen eskutik Urnietako Adarrazpi gaztandegia bisitatzeko aukera ikusi genuen. Bisita horretan, gazta eta mamia nola egiten dituzten ikasten da. Horrez gain, Mikelek, gaztandegiaren jabeak, Pintto txakurrarekin eta ardiekin aire zabalean nola lan egiten duen ikusteko aukera eskaintzen da bisitaldiaren barruan. Zalantzaren izpirik gabe, izena eman genuen.
Basque Cooltouorreko fundatzaile Keparekin geratu ginen, Terminus hotelaren parean, tren-geltokian. Egun hartarako euria zegoen emanda, baina sekulako eguraldiarekin esnatu ginen.
Kontu-kontari joan ginen gaztandegira iritsi arte.
Heldu orduko, Mikel etorri zitzaigun ongietorria egitera: ardiak jezten amaitzen ari zen, eta prozesua zer-nola egiten den ezagutzera gonbidatu gintuen.
Harrituta geratu ginen antolaketarekin eta Pinttok egiten duen lanarekin: Mikelen ahotsa entzun orduko, ardiak «itxaron-gelara» eramaten ditu, jezteko tokiraino.
Hasiera-hasieratik pentsatuko zenuten moduan, etengabe aritu ginen argazkiak eta bideoak egiten. Benetan... irudipena geneukan ardi batek baino gehiagok argazkirako posatu egiten zuela, kamerak ikusi orduko... Eta batzuek, gainera, jakin-minez begiratzen zigutela.
Hala, 150 ardiak jetzi ostean, Gorkak arkumetxo bat besoetan hartzeko proposamena egin zigun. Hasieran errespetu pixka bat eman zigun, baina azkenean heldu egin genion... Gizajoak ez zion amarekin komunikatzeari uzten artaldetik atera genuenetik. Iruditu zitzaidan une horretan ezagutu egin gintuela, eta bere artean... «Nik sister hauekin ez dut city hura zapalduko... Ezta erotuta ere!».
Amantala, oinetakoen estalkiak eta txanoa ipini, eta gazta egiteko gelara igaro ginen.
Inmak sekulako irribarrearekin eta esne litro mordoarekin hartu gintuen, Idiazabal gazta eta mamia egiteko.
Ahoa bete hortz geratu ginen gazta egiteko prozesuarekin: laguntzeko erreminta batzuk izanagatik ere, oraindik ere prozesu asko eskuz egiten dituzte. Eta sekulako maisutasunez egiten ditu Inmak lan horiek!
Izugarri gustura aritu ginen berarekin solasean, gaztandegiko bizimoduaren eta gaztak prestatzearen inguruko bitxikeriak entzuten.
Hala, 20 Idiazabal gazta eta 25 mamiren ostean, biltegia ikustera joan ginen. Bertan hasten dira gazta ontzen, gutxienez 60 egunez behintzat.
Inmari agur esan, eta produktuak dastatzera abiatu ginen
Mahaian, Idiazabal gazta eta mami eder askoak, ezti eta guzti.
Idiazabal gazta primerakoa dago, baina mamien zapore delikatua goxoa baino goxoagoa da.
Dastatzen amaitu eta gero, produktuak zuzenean erosteko aukera ere eskaintzen dute.
Furgonetara igo eta guk behintzat gehien gozatu genuen esperientzia zatira abiatu ginen.
Ardiak mendi-hegalean behera jaisten ikusi genituen, Pinttok gidatuta. A zer ikuskizun dotorea! Esan zigutenez, esperientziaren zati hori eguraldiaren arabera antolatzen dute. Gu zorteko ibili ginen, egun zoragarria tokatu baitzitzaigun
Zaila egin zitzaigun alde egitea: gure bizitzan lehendabiziko aldia zen artalde bat inguruan genuena, eta, bitxia bada ere, sekulako eroso eta zoriontsu geunden ardi guztien artean.
Handik egun pare batera, San Martin azokara joan gara, izugarri gustatzen baitzaigu bertan erosketak egitea.
Beheko solairura jaitsi, eta Adarrazpiko Idiazabal gaztak eta mami paregabeak topatu ditugu.
Saludamos a Ainhoa, la mañana ha ido bien y los quesos han volado de su puesto. Sonreímos al mirarlos, ahora sabemos exactamente cuál es el proceso de elaboración y todo el trabajo que hay detrás de cada queso.
Hemendik 60 bat egunera, jaiotzen ikusi genituen 25 Idiazabal gazta haiek erosleen gozamen izango dira... Eta gu, sisterrok, haien jaiotzaren lekuko izan ginen! ;-)
- Prezioa: 25€
- Iraupena gutxi gorabehera: 2 ordu
- Astearteetan eta ostegunetan, 16:45ean, Terminus hotelaren parean.
- Informazio gehiago