Familian pedalei eraginez eta arteaz gozatuz!

itziar-eu
Itziar Blogger-a

Ibilaldi dibertigarri bat proposatzen dizuegu Donostiako txokorik ederrenetako batzuetan arteaz gozatzeko, ederrak izateagatik eta, aldi berean, kokatuta dauden lekuan kokatuta egoteagatik nabarmentzen diren eskulturak aurkituko dituzue bertan. Eta, gainera, familian egingo duzuen plana biribila izan dadin… artearen ibilaldia bizikletan egingo duzue gure hiria zeharkatzen duten bidegorrietan barrena! Prest al zaudete? Hartu kaskoa, urontzia, merienda… Eta goazen!

On Kixote eta Sancho Panza – Egilea, Lorenzo Collaut Valera

PlazaCervantes 804

Gure ibilbidea Cervantes plazan, Kontxako pasealekuan bertan, hasiko dugu. On Kixotek eta Sancho Panzak emango digute ongietorria. Brontzezko eskultura hau 1929koa da, eta, bitxikeria moduan, esango dizuegu eskulturaren egilea Donostiako artelan ikoniko baten, Urgull mendiaren gailurrean dagoen Jesusen Bihotza monumentuaren, egilearen aita dela. Monumentua, itsasora begira jarrita, aurrez aurre ikusi ahal izango duzue. Nahi izanez gero, igo zaitezkete ikustera, baina bizikletak Alderdi Ederren utzi beharko dituzue, ibilalditxoa baitago hara iristeko… hori bai, merezi du ahalegina egitea bertatik dauden bista ederrez gozatzeko!

Flemingi Eskainitako Monumentua – Egilea, Eduardo Chillida

MonumentoFleming 804

Cervantes plazan Antiguo auzorantz doan bidegorria hartuko dugu, eta bizikletan zeharkatuko dugu Kontxako pasealekua. Atsegina da itsasora begira familian pedalei eragitea. Flemingi eskainitako monumentura iritsiko gara. Eduardo Chillidaren obra onek penizilinaren asmatzailea omentzen du. Eskulturaren eta badiaren panoramika ikusgarria da.

Mª Cristina Erreginari Eskainitako Monumentua – Egilea, José Díaz Bueno

Reina 804

Bideari Ondarretako lorategietaraino jarraituko diogu, bertan dagoen brontzezko eskultura honek hiriaren esker ona adierazten dio gortea uda pasatzera Donostiara ekarri zuen erreginari. Erreginari eskainitako monumentu honen inguruan elkartu ohi dira lagun taldeak hondartzara joateko.

Haizearen Orrazia – Egilea, Eduardo Chillida

PeinedelViento 804

Handik oinez hurbil zaitezkete (bidegorria hondartzaren bukaeran amaitzen da) Donostiako lekurik enblematikoenetako batera, Haizearen Orrazira. Burdinazko egiturak itsasoarekin eta olatuekin bat egiten duen txoko hau Eduardo Chillidak sortu zuen Luis Peña Ganchegui arkitektoaren laguntzaz (biak donostiarrak), eta hiriko txokorik berezi eta majikoenetako bat da. Itsaso zakarra dagoenean eta haizea dabilenean, pasealekuaren amaieran lurrean dauden tximinietatik gora igotzen da airea, txikienen gozamenerako. Leku ederra da eskaileretan atseden hartzeko eta hamaiketakoa egiteko ere.

Erdialdera bueltan

Berriz ere bizikleta hartu eta bidegorritik itzuliko gara erdialdera, eta María Cristina Hotelaren eta Victoria Eugenia Antzokiaren artean dagoen Okendo Plazara iritsiko gara. Bi eraikinak ondo begiratuz gero, ohartuko gara biak berez artelan ederrak direla, eta bien erdian dago Antonio de Oquendori eskainitako eskultura, Marcial Aguirre bergararraren obra.

Danborrariari eskainitako monumentua – Egilea, José Lopetegui

Bertako lorategietako eserleku batean atsedenalditxo bat egin ondoren, Sarriegi plazara hurbildu zaitezkete, Danborrariari eskainitako monumentua bisitatzera. José Lopeteguiren obra hau osatzen dute Raimundo Sarriegi konpositore donostiarraren bustoak, danborrariaren irudiak eta plaka batek, eta bertan dago idatzita Sarriegik konposatu zuen eta San Sebastian egunean jotzen den eta hiriaren ereserkitzat hartzen den San Sebastian martxa. 2022an eskultura multzo honi urketariaren irudia batu zitzaion. Nino Barriuso artistaren obra hau Donostiako egun handiko berdintasunaren ikurra da. Danborradari, gogokoen dugun jaiari, egindako omenaldi ederra! Ez al zaizue danborra jotzeko gogoa piztu?

Gure bizikletekin bidegorrira itzuli eta Pasealeku Berria zeharkatuko dugu itsas ertzetik, eta Donostiako artelan berrienetako batera, Jorge Oteizaren Eraikuntza Hutsera iritsiko gara. Bertatik dauden bistak ikusgarriak dira, eta itsasoaren handitasuna sentitu ahal izango duzue.

Eraikuntza Hutsa – Egilea, Jorge Oteiza

Oteiza 804

Oteizak berak aukeratu zuen kokapen ikusgarri hau obra jartzeko. Orain dela mende erdia Sao Pauloko Bienalean saritu zuten eta orain Pasealeku Berrian jarrita dagoen obra hau arte garaikidearen erreferente bat da.

Berriz ere bizikleta hartu eta, Pasealeku Berritik, Kursaalgo Zubira iritsiko gara. Zubia gurutzatu eta bidegorrian barrena jarraituko dugu, eta Zurriola hondartzaren ondotik Saguesera iritsiko gara, bertan dago Nestor Basterretxearen eskultura izugarri bat.

Bakearen Usoa – Egilea, Nestor Basterretxea

Paloma 804

Donostiak bakearen alde hartutako konpromisoa irudikatzen duen eta 7 metroko garaiera duen lan itzel hau Zurriolako pasealekuaren amaieran, Saguesen dago. Hementxe bukatuko da gure ibilaldia. Zabalgunean atseden hartu ahal izango duzue txikiak parkean jolasten ari diren bitartean, edo zerbait har dezakezue inguruan aurkituko dituzuen terrazetako batean ere. Ibilaldia zuen gustukoa izango zela espero dugu.

Eskerrik asko!

X