Olatu Talka Jaialdiak 10. urteurrena ospatuko du
- Kultura
- 2019 Mai 17
Maitzaren 31etik ekainaren 2ra
Duela gutxi sortu zela dirudien arren, badira hamar urte Olatu Talka jaialdia gure hirira iritsi eta ezinbesteko hitzordu bilakatu dela Donostiako udaberrian. Hiritarrekin batera urteurrena behar bezala ospatzeko, ekitaldiz josita dator aurtengo programazioa. Hiru egunez Donostia osoan zabalduko da ospakizuna: maiatzaren 31tik ekainaren 2ra, ostiraletik igandera, asteburu luze eta zirraragarria biziko dugu.
Zer espero dezakegu edizio honetan? Adin eta gustu guztietako jendeari egokitutako makina bat jarduera: musika, dantza, antzerkia, hitzaldiak, kirola, merkatuak, bisita gidatuak, erakusketak, haurrentzako ekitaldiak, eta beste hainbeste ekintza. Agenda antolatzen hasteko unea da!
+
Jaialdiaren kokapenari dagokionez, hiri osoan barrena zabalduko da jaialdia, erdialdetik auzoetara.
Zer topatuko dugu Donostiako gune ospetsuenetatik paseatzean? Udalaren inguruetan musikak eta dantzak protagonismo handia izango dute, baita arte plastikoen guneak ere.
Perkusioa, klakea, lindy hop, jazz, funky, pop-rock, folk, saltsa, zarzuela… ez da musika eta dantza estilorik faltako, eta sormen artistikoari eskainitako espazioan marrazki, pintura, papiroflexia edo paper gaineko estanpazio tailerrak burutuko dira.
Gainera, Alderdi Ederren kokatuko den gunean hamar urtetan jaialdiak osatu duen ibilbidea islatuko du. #HiriaEgin lelopean, Olatu Talkaren edizio bakoitza gogoratuko da, kultura, musika eta artea espazio publikora ateratzeko helburuarekin ospatutako jaialdi bakoitza.
Bulebarreko Kioskoan ekitaldi ugari gauzatuko dira: kontzertuak, nazioarteko dantzen erakustaldia eta kale-antzerkia, eta Kontxako erlojuetatik Aquariumera bitartean hainbat gune eta agertoki ezarriko dira. Portuan hainbat food truck jarriko dira, eta itsasoarekin erlazionaturiko zenbait jarduera eskainiko dira, jaialdiaren amaiera ekitaldia barne.
Kontxako arkupeetan Kontxa GauMarket merkatua burutuko da aurten ere, arratsaldez eta gauez ezarriko diren 40 postuz osatutako arte, arropa eta pitxi merkatu ederra.
Hiriaren historiak ere bere lekua izango du Olatu Talkan. Donostiako hiri-legenda harrigarriak ezagutuko ditugu Oh My Walk! enpresari esker, eta gure herriak itsasoarekin duen lotura aztertuko dugu Ambar Elkarteak antolaturiko baleei buruzko ibilbidean eta itsas bidaian. Izena ematea beharrezkoa da ibilbideetan parte hartzeko, beraz lehenbailehen egin leku gabe ez geratzeko!
Jaialdiaren laburpentxo bat baino ez da hau. Izan ere, hiri guztian zehar zabalduko dira ekitaldiak hiru egun horietan, Intxaurrondo, Aiete, Igeldo, Antigua edo Egia auzoetan barrena. Dozenaka jardueren artean, honakoak nabarmendu genitzake: Loiolako Erriberetan dagoen Oroimenaren Lorategian burutuko den Argitartean Arte Luminiko Jaialdia edo Ondarretako hondartzan ospatuko den reggae musikaren Ondarreggae Jaia.
Jarduera gustukoenak hautatu al dituzu jada? Emaiozu begirada bat egitarauari zure ibilbide kulturala osatzen joateko: